Valve-koak Companion Collection deitutako bilduma prestatzen dabiltza; aurten kaleratuko dituzte.
Nintendokoengandik urrun dauden enpresek ere beren txokoa eduki zuten azken Directean. Horietako bat izan zen Valve, zaleak ustekabean harrapatuta: bere Portal frankizia saritua Switch kontsola hibridora eramateko lanean ari da.
Portal: Companion Collection izendatutako bilduman batuko dituzte Portal 1 zein Portal 2. Saga ezagutzen ez dutenek puzzle irudimentsuz eta bereziz betetako jokoak direla jakin behar dute: portalekin jokatu beharko da Aperture Science laborategitik ihes egitea lortzeko; GladOS adimen artifizialak era guztietako oztopoak prestatuko ditu, baina.
Switcheko bertsioaren ezaugarri gutxi eskaini zituzten aurkezpenean: bideoan ikus daitekeenez, ez da aldaketa handirik egongo jatorrizko bertsioetatik; hori bai, Portal 2ren kasuan multijokalaria mantenduko duela baieztatu dute: tokiko pantaila zatituko partidak zein sarekoak ahalbidetuko dituzte abentura kooperatibo bikain batez gozatzeko.
Steam plataformaren arduradunek aspalditik ez dute argitaratzen joko propiorik kontsoletan —azken urteetan garatutako joko kopurua oso urria izan dela ere gogoratu beharra dago—: azkena Portal 2 berau izan zen, 2011. urtean PlayStation 3-an eta Xbox 360-an estreinatuta.
Switcheko bertsioaren argitaratze data zehaztu gabe geratu ziren aurkezpenean; dena den, 2022an kaleratuko dela ziurtatu dute.
Iruzkinak