Nintendo 64aren garapen kit ofiziala erabiliz sortutako romhack-a da: kontsolan zein emulatzaileetan joka daiteke.
James Lambert Portal 64: The First Slice proiektuaren garatzaileak jokoa bere Github orrialdetik kendu du. Erabakia Valvetik egindako eskakizunaren ondorioz hartu du: Portalen arduradunek titulua ezabatzeko eskatu diote.
Zergatia? Dirudienez, Nintendo 64rako puzzle jokoa garatzeko Libultra erabili du Lambertek: kontsolaren jatorrizko garapen kit ofiziala, hain zuzen ere. Nintendoren jabetza duten tresna nahiz fitxategiak izanik, Valvek ez du arriskatu gura izan, eta N handiarekin liskarrak sortu aurretik proiektua alboratzeko pausoak eman ditu.
Izan ere, Valvekoak ezagunak dira komunitatearen proiektuak bultzatzeagatik eta babesteagatik. Lamberten akatsa, ordea, Libultra erabiltzea izan da: N64arekin lan egiten duten zale askok kode irekiko liburutegiak erabiltzen ditu kontsolan garatzeko, Nintendoren jabetzakoak diren fitxategiak hartzea legez kanpokoa baita.
Lambert egoeraren inguruan mintzatu da bere Patreon orrialdean: “Euren IPa (Valverena) da, Nintendoren kontsolan. Bukatzeko itxaropena neukan, baina ezustean harrapatu nau”, dio sortzaileak. PCGamer agerkarian, baina, Gabe Newell-en enpresarena ulertzeko erabakia dela aitortzen du: “Ez diet errurik leporatuko”. Azkenik, hartutako erabakiaren gakoak zehazten dituen bideoa prestatu du:
Portal 64: The First Slice 2022an abiatutako proiektua da. Izenak argi uzten duen modura, Portal puzzle jokoaren demake-a da: originalaren mekanikak hartu eta N64a portalekin pentsatzera eraman zuen Lambertek.
Joan den abenduaren 29an beta bukatutzat eman, eta jokoaren lehen bertsioa kaleratu zuen. Oraindik amaituta egon gabe, romhackak lehen gelak eta puzzleak gainditzea ahalbidetzen zuen, emulatzaile zein N64 original bidez.
Portal 64 alboratu arren, ez du esan nahi proiektuaren zein Lamberten lanen agurra denik. Alde batetik, romhacka github orrialdean zegoen kode irekiko proiektua zen; hortaz, komunitateak hori berreskuratzeko eta lanean jarraitzeko aukerak ditu.
Bestetik, sortzailea etorkizunera begira jarri da: Nintendo 64rako eta PCrako bideojokoan lan egiteko asmoak iragarri ditu, kontsolan “funtzionatuko duen, baina aldi berean erraz monetizatzeko eta erosi nahi duen publiko zalarengana iristeko aukerak dituen proiektu interesgarria izateko”.
Iruzkinak