2.5D estetika erakargarria, akzioz betetako borroka dinamikoak eta pertsonaia arriskutsuz betetako mundu bitxia agintzen ditu.

Possessor(s) merkaturatu da ordenagailuetan zein PlayStation 5 kontsoletan. Heart Machine indie estudioak (Hyper Light Drifter, Solar Ash) Devolver Digital argitaletxearekin elkarlanean prestatutako metroidvania titulua da.

Luca eta Rhem protagonistekin etorkizuneko megahiri arriskutsuan barneratu beharko gara. 2.5D estetikarekin, plano bidimentsionalean mugituko gara borroka bizkorretan eta zirraragarrietan parte hartzeko: bideoetako mugimenduak ikustekoak dira, konboz eta airean jaurtitako etsaiez betetakoak.

Esploratzeko mundu zabal irekia agintzen dute egileek; hau esploratzeko, bidean lortuko ditugun abileziak eta eraso bereziak ezinbestekoak dira, metroidvania egiturarekin bide berriak irekiko zaizkigu-eta.

Narratiba sakona ere aipatzen da: bide desberdinen artean hautatuko dugu aurrera egiterakoan, askotariko pertsonaiak eta arerioak ezagututa zientzia-fikzioa nahiz beldurra uztartzen dituen munduan.

Proposamen erakargarria, hortaz, Heart Machinen eskutik. Zoritxarrez, Possessor(s) ez da estudioarentzako garairik egokienean argitaratu: urte hasieran aurretiazko sarbidean kaleratu zuten Hyper Light Breaker-ek ez ditu aurreikusitako emaitzak lortu. Horren ondorioz, bideojokoaren garapena eten dute, tartean hainbat langile kaleratuz.

Possessor(s) PCan eta PlayStation 5ean argitaratu da jadanik.