Borroka jokoak hiru pertsonaia berri eta askotariko aldaketak jasoko ditu.
Hasiera traketsa eduki zuen arren, Power Rangers: Battle of the Gridek gero eta zale gehiago erakartzea lortu du garatzaileek jokoa jaurti ondoren gehitutako hobekuntzei esker. Eduki berriak gehitzen jarraitzeko asmoa du nWay garatzaileak: Battle of the Griden hirugarren denboraldia garatzen ari dela iragarri du jokoaren webgunearen bitartez.
Denboraldi berriak hainbat aldaketa eta hobekuntza ekarriko ditu Power Rangerren jokora. Nabarmenenak pertsonaia berriak izango dira, hiru guztira. Horiek Jungle Fury telesaileko Robert James ranger morea, Super Samuraiko Lauren Shiba ranger gorria eta oraindik iragarri gabeko borrokalari sekretua izango dira.
Gainera, bigarren denboraldian gehitutako Dai Shik itxura aldaketa ere jasoko du Phantom Beast King skinarekin.
Rangerrak bakarrik ez, Megazordak ere aldaketekin datoz. Borroketan aktibatzeko baldintzak aldatzea erabaki dute garatzaileek: taldeko borrokalari bat jokoz kanpo egon beharrean, Megazord Revenge Meterrarekin robot erraldoiei laguntza eskatu ahalko zaie. Hirugarren denboraldiak Megazord berria ekarriko du: jokalariek Samurai Megazorda erabiltzeko aukera izango dute.
Argitaratze datarik zehaztu gabe, hirugarren denboraldia “laster” kaleratuko dutela agindu dute nWaykoek. Power Rangers: Battle of the Grid PC, Playstation 4, Xbox One eta Nintendo Switch plataformetan eskuratu daiteke.
Iruzkinak