Jokagarritasun bideo berria utzi digute japoniarrek. PS5, Xbox Series eta PC gailuetan argitaratuko da.
Pragmatak bideo berria jaso du Capcomen eskutik. Bertan agertutakoen artean argitaratze data berria nabarmentzekoa da: 2026an estreinatuko da akzio titulua.
Kaleratze datarekoin txantxa egiten dute, hain zuzen ere, State of Play aurkezpenean erakutsitako bideoan: 2022rako agindu ziguten aspaldi, ondoren 2023ra berandutzeko… baina ez da horrela izan, argi eta garbi. Oraingoan bai, “benetakoa da”, diote 2026ko datagatik.
Etorkizuneko ilargian kokatutako istorioan Hugh eta Diana androidea ezagutuko ditugu. Adimen artifizial maltzurraren aurka jarriko gara Lurrera itzultzeko ahaleginetan gabiltzala. Hirugarren pertsonako ikuspegiarekin, Hugh kontrolatuko dugu: riflea eta beste armak eskuan hartuta akabatuko ditugu robot maltzurrak, baita euren erasoak saihestu ere.
Lepoan eramango dugun Dianak bestelako botereak eta abileziak eskainiko dizkigu; horrela, segurtasun kamerak hackeatzeko edo bestelako baliabideak bereganatzeko gai izango da ume itxurako androidea.
Akzioa izango da nagusi, baina kalitate handiko zinematikak ere ikusiko ditugu jokoan zehar. RE Engine garapen motorearekin sortutako atal grafiko ikaragarria nabarmentzea ezinbestekoa da: aspaldi iragarritako tituluak sekulako itxura edukitzen jarraitzen du.
Pixkat gehiago itxaron beharko dugu, beraz, Pragmatan jokatzeko: PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan estreinatuko da 2026an.
Iruzkinak