Tiroketa bizkorrak eta dinamikoak, hackeatze lanak eta esplorazioa proposatuko dizkigu. 2026an kaleratuko da PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan.

Capcom Spotlight aurkezpena prestatu du enpresa japoniarrak, eta Pragmata izan da protagonista nagusia. Aspaldi iragarritako bideojokoa sakon erakusteko prest agertu dira egileak, jokagarritasun mekanikak zein gidoia aditzera emanda.

Hugh Williams gizakia eta ume itxuradun Diana androidea ezagutuko ditugu Pragmatan. Hugh Ilargiko baseko langileetako bat da: lurrikara baten ondoren, taldetik banatu, eta Dianarekin topo egingo du. Bien helburua Lurrera itzultzea izango da, baina hori lortzeko androide hiltzaileen armadaren aurka egin beharko dute.

Borroka sisteman sakonduz, hirugarren pertsonako ikuspegiarekin jokatuko dugu. Tiroketak dira nagusi Hughen armategi aurreratuarekin, baina ezer gutxi egin ahalko du bakarka: roboten armadura sendoek gure tiroak arazo handirik gabe jasango dituzte.

Uneoro Hughen sorbaldan egongo den Dianaren laguntzari esker, baina, arerioen defentsak hackeatu, eta hauek akabatzeko lana erraztuko zaigu. Lauki sare bidezko minijoko txikiekin, denbora errealean ariko gara hackeatzen; nodo urdinak lotuta, androideek denbora gehiago emango dute babesik gabe, baina bestelako efektuak eragiteko aukera ere egongo dela dirudi.

Behin armadura zabalduta, Hughen txanda izango da tiro egiteko, baina bitartean saiheste bizkorrak eta ekintza dinamikoak burutu ditzake arerioen erasoez defendatzeko.

Basea esploratzerakoan Hughen jantziak eskainitako botereak eta abileziak erabiliko ditugu. RE Engine motoreak ahalbidetutako atal grafikoari esker, ingurune ederrak sortzen dabiltzala ikus daiteke.

2022an jokatzea espero genuen, ostean 2023ra berandutu zuten… baina Capcomekoek 2026an argitaratuko dute, azkenik, Pragmata. PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan zein PCan ikusiko dugu.