Orain arte enpresa frantsesaren Mumbaigo eta Puneko estudioak aritu dira plataforma jokoaren eraberritzean lan egiten; oraindik ez dauka kaleratze datarik.
Ubisoftek jakitera eman duenez, bere Montrealgo estudioa arduratuko da azkenik Prince of Persia: The Sands of Time klasikoaren remakea sortzeaz. Hau da, denboraren hareen trilogia garatu zuen estudio berberarengana itzuliko da frankizia.
“Prince of Persia: The Sands of Time Remaken garapena Ubisoft Montrealen esku dago orain”, adierazi dute Ubisoftekoek sarean zabaldutako prentsa oharrean. Hartutako erabakia “pauso garrantzitsua” dela diote, orain arte egindako lana beste maila batera eramateko aukera dela nabarmenduta.
Gaur egunera arte Ubisoft Bombay eta Ubisoft Prune estudioak aritu izan dira bideojokoa prestatzen. Lehen trailerretik arazoak izan dira nagusi garapenean: erakutsitako atal grafikoak kexak piztu zituen jarraitzaileen artean, eta horren ondorioz lehenengo bi hilabete berandutu zuten; hilabete batzuk pasata, zehaztugabeko geroratzea iragarri zuten arduradunek.
Tituluaren berri azkenengoz izan genuenean egungo zerga urtean kaleratuko zela adierazi zuten —hau da, 2022ko apirilaren 1aren eta 2023ko martxoaren 31aren bitartean—. Orain jasotako oharrean ez dute askoz gehiagorik zehaztu: “prest dagoenean” argitaratuko dela diote Ubisoftekoek, beraz luzerako doala dirudi.
Prince of Persia: The Sands of Time Remake PC, PlayStation 4 eta Xbox One plataformetarako iragarrita dago.
Iruzkinak