DigiPen Europe Bilbaoko ikasleek eratutako Square Root estudioaren hack and slash abentura bizkor honetara dohainik jokatu daiteke Steamen.

Hack and slash abentura labur zein dibertigarria estreinatu dute Square Rooteko garatzaileek Valven saltoki digitalean. Project Senkon etsaiak gune txikietan akatu beharko dituzte jokalariek protagonistaren batea, ahalmen bereziak eta ingurunea erabilita konbo azkarrak egiteko.

Abentura honetako protagonista Senko da: botere bereziak dituela ohartuta Lurra inbaditu duten estralurtarrei aurre egin beharko die kolpeka. Erasoak bezain garrantzitsuak izango dira bere mugikortasuna, saihesteko ahalmena zein kontraerasoak. Borroka azkar eta laburrak biziko dituzte jokalariek DigiPen Europe Bilbaoko ikasleek sortutako joko honetan.

Alexandre Corcia, Josu Cubero , Gabriel Mañeru, Ivan Iglesia, Asier Bilbao, Victoria Herckenrode, Ian Navarro, Roberto Izquierdo, Asier Olaizola, Gontzal Montero, Sara Martinez eta Nicolas Rozumek garatzaileek osatutako Square Rootek bere abentura txikia guztiz euskaratuta argitaratu dute Steamen.

Euskaraz jokatzeaz gain abentura doakoa dela nabarmendu beharra dago. Esteka hau jarraituta deskargatu daiteke PCrako.