Katukinabarra arduratu da Barrel Roll Games-en titulua itzultzeaz. Jokoa pertsona bakarrak erosita, lagunak gonbida ditzake norgehiagoketan lehiatzeko.
Euskaraz goza daitekeen azken bideojokoa Prop Sumo deitzen da. Izenak adierazten duen bezala, attrezzo edo baliabide desberdinen arteko sumo borrokak protagonista dituen PCrako festa joko dibertigarria dugu.
Beñat ‘Katukinabarra’ Ramos Game Erauntsia Elkartearen kideari esker joka dezakegu Barrel Roll Gamesen jokoan gure hizkuntzan. Ez da Katukinabarra estudioarekin elkartzen den lehen aldia: 2023. urtean Witch It! lokalizatzeaz arduratu zen zalea.

Biak sareko partidetara bideratutako festa jokoak dira, baina, funtsean, oso desberdinak. Sorginen jokoan ezkutaketan eta harrapaketan ibiltzen ginen, horretarako, ingurugiroko attrezzo edo material bilakatuta; Prop Sumok material horiek berreskuratzen ditu, oraingoan, borrokan eta kolpeka jartzeko.
Txorimaloak, kupelak, panpinak, aulkiak, izotz kuboak edo bestelako objektu arruntak gidatuta, aurkariak borrokalekutik kanpo jaurtitzea izango da helburua, Super Smash Bros. frankizian gertatzen den modura. Hori lortzeko hainbat bide dauzkagu: gure trasteek estatistika eta mugimendu bereziak dituzte, eraso gorenak eta guzti; gainera, 22 objektu desberdin lor ditzakegu, minak edo misilak barne; bukatzeko, inguruneetan sakabanatutako tranpak edo oztopoak erabil daitezke gure kontran dabiltzanak kanporatzeko.
Partidak iraun ahala aldatzen dabiltzan bederatzi borrokaleku dinamiko ikusiko ditugu, baita gure teknikak hobetzeko dojo entrenamendu gunea ere. 40 bat attrezzo mota, hauek pertsonalizatzeko aukera zabalak eta jarraipen zein desblokeatze aukerak biltzen ditu jokoak.
Sareko borroketara bideratuta dagoenez, jokoaz gozatzeko biderik aproposena lagunekin izango da, eta horretarako laguntzak eskaintzen dituzte egileek. Pertsona bakarrak jokoa erosita, doako lagun baimenarekin (friend pass) beste erabiltzaile batzuk gonbidatzeko aukera dago. Ezezagunen aurkako dueluetan ere lehia daiteke, nahi izanez gero.
Prop Sumo ofizialki euskaratuta dago. Hortaz, jokoa Steam plataforman erosita, hizkuntzen menura jotzerakoan gurea aurkituko dugu.

Lander Unzueta
Iruzkinak