Horizon Call of the Mountain, Resident Evil Village eta Star Wars: Tales from the Galaxy’s Edge izango dira VRaren belaunaldi berrira iritsiko diren tituluetako batzuk.
PlayStation 5-ak errealitate birtualera jauzi egingo du laster. Sony-koek orain hilabete batzuk aurkeztu zituzten PS VR2 gailuak; hardwareari buruz ia guztia dakigun arren, bideojokoak sakontasunean ezagutzea falta zen. Horri ekin diote orain japoniarrek: bideo baten nahiz bere blogean argitaratutako artikuluaren bidez gailuak jasoko dituen lehen tituluak errepasatu dituzte.
Guerrilla Games, Capcom, Skydance Interactive eta ILMxLAB estudioekin batu dira PS VR2ren lehen joko esanguratsuenak ezagutzera emateko.
Lehenik eta behin, Horizon Call of the Mountain interesgarria daukagu. Gailu berrietarako bereziki prestatua, eta nabari da: Horizonen unibertsoan girotutako tituluak atal tekniko ikaragarria dauka, baina jokagarritasun mekanika aldetik ere oso landua dirudi.
Bertan, dinosauro zibernetikoen aurka ariko gara, baita gizakien kontra ere. Esploratzea eta puzzleak gainditzea izango da beste zereginetako bat, ordea: kanoan arraunean, mendiak eskalatzen zein kobazuloak zeharkatzen ibiliko gara.
Half-Life: Alyx maisulanaren parera iritsiko ote da errealitate birtualaren generoan? Ikusteko dago, baina erakutsitakoak behintzat sekulako itxura daukala aitortu beharra dago.
Bigarrenik, dagoeneko ondo ezagutzen dugun Resident Evil Village dugu. Capcomekoen beldurrezko sagaren zortzigarren atala VRetara moldatzeko lan sakona egin dutela dirudi; egia esan, REVII-ren PS VR1-eko bertsioa ikaragarria zen, eta honek maila berean jarraituko duela ikus daiteke.
Hori horrela, Ethan Winters-en bigarren abentura beste behin bizitzeko aukera izango dugu… oraingoan, bere begietatik. Jokagarritasuna ere moldatuko da, antza: esate baterako, labana jaurti ahalko dugu, edo hau pistolarekin batera erabili. Beldurrak ere gora egingo du, noski; ea nola konpontzen garen Lady Dimistrescu erraldoiarekin betaurrekoak jarrita.
Hirugarrenik, zonbiekin eta beldurrarekin jarraitzen dugu. Izan ere, The Walking Dead: Saints & Sinners – Chapter 2: Retribution da PlayStationekoek erakutsitako beste obretako bat. Skydancen tituluan biziraupena eta objektuen kudeaketa izango dira gakoak: soinean daramaguna ondo erabiltzea ezinbestekoa da bizirik jarraitzeko.
Grafiko ikusgarriak —argiztapena nabarmentzekoa da— eta aginteen erabilera zehatza agintzen du The Walking Deaden unibertsoan girotutako lanak. Motozerrak, pistolak eta bestelako armak erabiliko ditugu hildako bizidunak akatzeko.
Bukatzeko, Star Wars: Tales from the Galaxy’s Edge-n errealitate birtualeko bertsioa jakitera eman dute. Enhanced Edition azpitituluarekin, Izarretako Gerraren kokaleku mitikoenak eta maitatuenak bisitatzeari eta esploratzeari ekingo diogu hemen.
Puzzleak eta borrokak ere egongo dira, noski: blasterrak erabilita droideak nahiz klonak akatuko ditugu. Ezpata laserrik egongo ote den? Horixe espero dugu.
Bideojokook ez daukate argitalpen data zehatzik; gauza bera gertatzen da, momentuz, PS VR2 gailuekin. Sonykoen arabera, 2023 hasieran merkaturatuko dituzte, baina oraindik ez dute eguna zehaztu.
Bitartean, hauen ezaugarriekin gelditu beharko gara: 4K bereizmenean jokatzea ahalbidetuko dute, 90 eta 120Hz-ko irudi tasak erakutsita; ez hori bakarrik, begien jarraipena edukiko dute, keinu bidez aukerak ahalbidetzeko.
Bluetooth 5.1 bidez komunikatuko dira beste gailuekin; PS5era konektatzeko, berriz, USB-C kable bakarra erabiliko dute. Aginteak ere garrantzitsuak dira, noski: DualSense-n antzeko aukerak eskainiko dituzte. Hortaz, kolpekari haptikoak eta 3D soinua espero daitezke.
Iruzkinak