“Erabaki okerra” hartu zutela aitortu du Jim Ryan Sony Interactive Entertainmenteko presidenteak. PSPko saltokia itxi egingo dute halere.

Apirilaren hasieran Sonyk  PS3ko, PSPko eta PS Vitako saltoki digitalak itxi egingo zituztela jakitera eman zuen, “baliabideak orekatzeko” asmoarekin. Orain atzera egin dute: PlayStation 3 eta PS Vitako PS Store saltokiek funtzionatzen jarraituko dutela iragarri du Jim Ryan Sony Interactive Entertainmenteko presidenteak.

Adierazpenak PlayStationen Blogean egin ditu Ryanek. “PS3aren eta Vitaren euskarri digitalak ixteko erabakia hartu genuenean, hau hainbat faktoreren ondorioz hartu genuen, gailu zaharrenentzako euskarri komertzialak mantentzeko erronkak edota jokalari gehienak erabiltzen ari diren gailu berriagoenentzako baliabide gehiago zuzendu ahal izateko asmoa barne”, argitu nahi izan du presidenteak. “Hausnartu ondoren, erabaki okerra hartu genuela ohartu ginen”.

Hala izanik, bi kontsola horien saltokiek martxan jarraituko dute etorkizunean. PSPak ez du horrenbesteko zortea izan halere: uztailaren 2an Sonyren lehen kontsola eramangarriaren PS Storeko txokoa itxi egingo du enpresa japoniarrak.