Double Finen plataforma joko berezia aurten argitaratuko da PC, PS4 eta Xbox Onerako.

Garapena 2016an hasi zuen, eta 2018rako argitaratzea aurreikusten bazuten ere, Double Fine garatzaile beteranoaren hurrengo lanak martxan jarraitzen du. Hori adierazteko Psychonauts 2ren gameplay trailer guztiz berria hedatu du Tim Schaferrek gidatutako taldeak sareetan.

Bertan orain arte ikusi gabeko maila lehen aldiz erakusteko aprobetxatu dute. Ospitalea eta kasinoa batzen dituen burmuin batean murgiltzen da Raz protagonista oraingoan: Hollis Forsythe Psychonauts taldeko kideetako baten buruan, hain zuzen ere.

Girotze lan izugarriarekin hainbat arriskuri aurre egin beharko die psikonauta gazteak. Borrokak, plataformak eta puzzleak gainditu beharko dira emozioak eta pentsamenduak ardatz dituen abenturan zehar.

Double Finekoek joan den apirilean baieztatu zutenez, Psychonauts 2 aurten kaleratzea aurreikusten dute. Ez zuten datarik zehaztu nahi izan, baina aste honetan adieraztea espero da: estudioa Microsoftek erosita, E3 azoka digitalean egingo den Xbox & Bethesda Games Showcasearen baitan, hain zuzen ere.

PC, PS4 eta Xbox One plataformetarako merkaturatuko dute, baina Xbox Seriesetarako eguneraketa argitaratzea ere aurreikusten dute zaleek.