Ekainaren 12tik 15era egingo duten azoka digitaleko ekitaldi garrantzitsuenen egunak zehaztu ditu Entertainment Software Associationek.

Zaleak pazientzia handiarekin egon dira zain, eta kostata baina azkenean finkatu dituzte aurtengo Electronic Entertainment Experience azokan jarraitu ahalko diren aurkezpen handi guztien datak.

Entertainment Software Association erakundeko arduradunek beraien webgunean ezagutzera eman dutenez Xbox, Nintendo, Ubisoft, Bandai Namco, Capcom, Square Enix, Take Two eta gehiago egongo dira E3 2021 honetan. Bidetik galduta geratu diren garatzaileak ere badaude: Konamik, esate baterako, bere presentzia baieztatu ondoren azokan ez azaltzeko erabakia hartu zuen.

Aurkezpenak ekainaren 12an hasiko dira ofizialki, aurretik E3 kanpoan geratuko diren ekimen bereziak ere egongo diren arren: Battlefield berriaren aurkezpena ikusiko dute zaleek aste honetan, eta Summer Games Fest ekimenak hainbat iragarpen batuko ditu E3a hasi baino lehen.

ESAren azokako ekitaldiak lau egunetan banatuko dira ekainaren 15ean Nintendorekin bukatu arte, ohi bezala. Jarraian duzue E3 2021eko aurkezpen guztien ordutegien taula:

Aurkezpena Eguna Ordua Esteka
Guerrilla Collective Ekainak 12 17:00 Twitch
Ubisoft Forward Ekainak 12 21:00 Twitch
Devolver Direct Ekainak 12 22:30 Twitch
Xbox & Bethesda Games Showcase Ekainak 13 19:00 Twitch
Square Enix Presents Ekainak 13 21:15 Twitch
Warner Bros. Games Ekainak 13 23:00 Twitch
PC Gaming Show Ekainak 13 23:30 Twitch
Capcom Ekainak 14 23:30 Twitch
Future Games Show Ekainak 14 01:00 Twitch
Take-Two Interactive Ekainak 14 19:15 Twitch
Nintendo Direct E3 2021 Ekainak 15 18:00 Twitch
Bandai Namco Ekainak 15 23:25 Twitch
E3 2021eko sariak Ekainak 15 01:45 Twitch

E3 aurretik ekimenak egongo diren bezala, ostean ere gauza bera gertatuko da. EA Play Live eta QuakeCon ekimenak formatu digitalean egingo dituzte uztailean eta abuztuan, hurrenez hurren. Abuztuan Europako azoka nagusiena itzuliko da baita, Gamescom.

 

Jarraitu E3a Game Erauntsiarekin

Zerrendatutako aurkezpen nagusienen zuzeneko jarraipena egingo dugu Game Erauntsiatik. Xbox, Nintendo eta gehiagoren berritasun guztiak ikusi eta horien inguruan ariko gara ekimenak hasterakoan gure Twitch kanaletik.

Iragarpen guztiak gurekin batera ikusi nahi badituzu, zuzenekoen berri aldez aurretik izateko jarraitu Game Erauntsia FacebookTwitterInstagram edota Mastodon sare sozialetan edota batu zaitez gure Telegram taldera.