Ez dute PS5erako bereziki sortutako bertsiorik argitaratuko, baina retrobateragarritasun bidez jokatu ahalko da Sonyren azken kontsolan.

Psychonauts 2 Fig.co bidez egindako finantzaketa kanpaina bidez garatzen hasi ziren Double Fineko kideak. Jarraitzaileek 2015. urtean proiektuari babesa ematerakoan PlayStation 4rako bertsioa hautatu zezaketen, baina ordutik hona Microsoftek Tim Schafer garatzaileak gidatutako estudioa bereganatu du: 2019an Xbox Game Studiosen barne egotera igaro ziren. Hori horrela, Psychonautsen zaleek zalantza handiak eduki dituzte Sonyren kontsoletarako bertsioei dagokienez.

Zalantza guzti horiek argitzeko asmoarekin hitz egin dute Double Finekoek sare sozialetan: “Lanez gainezka ibili gara azken astean, baina gure mezenasei dagoeneko baieztatutako gauzak argitu nahi ditugu. Askok Psychonauts 2 Xboxerako esklusiboa izango den galdetu diguzue. Ez da izango. Argitaratze data Xboxeko bertsioaren berbera da“.

PlayStation 4ko bertsioak aurrera jarraitzen du beraz. Sonyren azken kontsolari dagokionez, ez dute PS5erako bereziki sortutako Psychonauts 2 eratuko. Halere, bertan jokatzeko aukera emango dute PS4arekiko retrobateragarritasun ezaugarriari esker.

PC eta kontsolek, baina, ez dute bertsio fisikorik jasoko: Psychonauts 2 “momentuz” euskarri digitalean soilik eskuratu ahalko dela aurreratu dute arduradunek. Datozen egunetan jostagarritasunari eta abenturaren gidoiari buruzko xehetasun gehiago emango dituztela aurreratu nahi izan dute.

Psychonauts 2 abuztuaren 25ean kaleratuko da PC, Xbox Series, Xbox One eta PlayStation 4rako.