Steam bidez eros dezakegu Piinecone bakarkako garatzaileak argitaratutako titulua. Ada Hughes eta Maite Anasagasti arduratu dira itzulpenaz.

Put One In for Johnny Minn euskaraz argitaratu du Piinecone sortzaileak PCan. Jaurtiketa libreak, burukadak eta boleak puzzle mekanikekin uztartzen dituen futbol jokoa da.

Partidu osoak jokatu beharrean, erronka edo minijoko txikiak proposatuko dizkigu Johnny Minnek. Eskuz sortutako 100 maila baino gehiagotan ahalik eta puntuazio altuena lortzea izango da desafioa: horretarako, indarra, abiadura eta teknika menperatu beharko ditugu. Fisika errealistekin, jokaldi bakoitza ulertzea eta modurik aproposenean aurre egitea proposatzen du bideojokoak. Kolisioak, jauziak zein baloiak hartutako ibilbideak ikustekoak eta gozatzekoak direla dio egileak.

Are gehiago, tokiko multijokalariarekin erronkak lagun artean gainditzea eta hobetzea posible da, baita. Bi aukera daude multijokalarian: txanda pasan egitea, edo bigarren jokalariak atezain rola burutzea.

Nicholas Hughes garatzaileak aurkitzen da Piinecone ezizenaren atzean. Euskaraz hitz egiten jakin ez arren, bere bi alabak euskaldunak izanik, lehen bideojokoa euskaraz argitaratu nahi izan du: Ada alabaren zein Maite Anasagasti adiskidearen laguntza jaso du testuak itzultzerako orduan.

Ofizialki euskaraz argitaratutako titulua izanik, ez du gehigarririk instalatu beharko gure mintzairan jokatzeko: ezarpenen menuko hizkuntzen atalean gurea hautatu besterik ez dugu egin behar.

Put One In for Johnny Minn Steam plataforman aurkituko dugu.