Two Tiny Dice estudio kanadiarrak aurten kaleratuko du ordenagailuan. Steam Next Fest ekimenean demoa proba dezakegu.
Euskal mitologia indarra hartzen doa bideojokoen munduan. Sorginen Kondaira, Guillotine, Erroak edo Mythic Love ezagutu ostean, Kanadako taldetxo batek Pyrene aurkeztu digu: folklore desberdinetako elementuen artean Euskal Herrikoarenak hartzen ditu karta joko berezia sortzeko.
Izenak argi adierazten duen modura, Pirinioetan girotuko da bideojokoa. Herensuge esnatu da, mundura munstroak eta bestelako gaitzak ekarrita. Atanaïa ehiztaria izango da gure protagonista: zitalek bere herrixka suntsitu ondoren, sakabanatutako biztanleak bilatzeari zein piztiak akatzeari ekingo dio.
Tartalo, Gizotso, Akerbeltz… Kondairetako pertsonaiekin, izakiekin eta jainkoekin topo egingo dugu gure bidean. Ziegak esploratzea izango da zeregin nagusia: gune ilunetan aurkituko ditugun munstroak garaitzeko karta sistema erabiliko ditugu. Gure heroiak mahaigainetik mugituko ditugu ziegako piztiak hiltzeko, eta altxorrak eskuratzeko.
Sariak, guneak zein gaiztoak, baina, desberdinak izango dira partida bakoitzean. Roguelike elementuak agintzen dituzte Two Tiny Dice talde kanadiarrekoek berjokagarritasuna areagotzeko asmoarekin.
Bidaia bakoitza bukatzerakoan gure herrixkara itzuliko gara, eta espedizioan lortutakoak erabiliz hau berreraikitzen eta kudeatzen ibiliko dira protagonistak. Horrela, heroien abileziak eta ekipamendua hobetzeko ezinbestekoak izango diren elementuak edo eraikinak desblokeatuko ditugu.
Pyrene aurten estreinatzeko asmoa daukate garatzaileek; zoritxarrez, ez dute euskaratuta kaleratuko. Hala eta guztiz ere, dagoeneko probatzeko aukera daukagu. Atzo abiatutako Steam Next Fest ekimenean proba daitekeen bideojokoetako bat da: Steameko jokoaren orrialdean aurkituko dugu demoa.
Iruzkinak