Euskaraz argitaratutako Quest 4 Papa: Reloaded, Tokyo Game Show-eko SOWN indie erakusleihoko hautagaien artean

Lander Unzueta | 2021/09/15 13:30 BerriakEuskal jokoak



Zortzi finalista egongo dira Tokioko azoka barnean bideo-joko independenteei zuzendutako ekimenean; ideia berritzaileak dituzten lanak bilatuko ditu epaimahaiak.

Bideo-joko euskaldunak industriako nazioarteko azokarik garrantzitsuenetara iristeko unea heldu dela dirudi. Tokyo Game Show 2021aren baitan egingo den Sense of Wonder Night indie erakusleihoko hautagaietako bat da Bilboko DigiPen ikastetxeko Rumba Corp estudioak garatutako eta euskaratutako Quest 4 Papa: Reloaded.

Sony Interactive Entertainment-en eta Nintendo-ren babespean eratutako ekimen honek bideo-jokoetako kontzeptu finkoak iraultzen dituen garatzaileak nabarmentzea du helburutzat, ideia berritzaileak kontuan hartuta. Hau da, mirespen sentipena sustatzen duten jokoak bilduko ditu, “Sense of Wonder” hori ezinbestekoa izanik erakusleihoan agertzea lortzeko.

Hori horrela joko konbentzionalak alboratu eta bideo-jokogintzaren barnean sortzaileak eta esperimentalak diren ideiak aurkeztu nahi ditu SOWN ekimenak: esperientzia berritzaileak, jokalarien ikuspegia aldatzeko asmoa, garapen bidean dauden ezaugarriak biltzen dituena, jokatzeko gogoa ematen dutena eta orokorrean, joko harrigarriak bilatzen dituzte. Aldi berean, horrelako lanak prestatzen ari diren garatzaileei ahotsa eman, eta beraien lanak ezagutzera ematen ditu Tokioko erakusleiho honek.

Aurtengo ekimenak 80 hautagai bildu dituela jakitera eman dute antolatzaileek. Horien artean nazioarteko indie lanak daude, iaz kaleratutako Quest 4 Papa: Reloaded barne. Grimorio Games estudio katalanak garatutako Sword of the Necromancer interesgarria ere dago hautagaien zerrendan.

Erakusleihoan zortzi finalista soilik egongo dira, baina. Ekimeneko epaimahaian Shuhei Yoshida Sony Interactive Entertainmenteko presidente ohia egongo da beste aditu askoren artean. Finalistek beraien jokoak aurkeztu eta ezagutzera emateko aukera edukiko dute Tokyo Game Show 2021aren baitan. Aurkezpenean garatzaileek sortutakoa erakutsiko dute, egindako lanaren berezitasunak nabarmenduta.

Bideo-jokoen jarraitzaileek gustukoen dituzten lanak aukeratzeko inkesta eratu dute antolatzaileek. Irailaren 23ra arte finalistak izatera iritsiko diren hiru joko hautatu ahalko dituzte partaideek, hainbat sari irabazteko aukerarekin.

Rumba Corpsekoen abentura ikuspegi zenitala duen hack and slash jokoa da. Bertan Roach izeneko protagonistaren kontrolatuko da tiroak, robotak eta Cel Shading estetika batzen dituen lana eratuta. Bideo-jokoa doan eskuratu daiteke bai Steam bidez zein DigiPeneko web orrialdetik.

 

 

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

239
Kide

0
Jolasten

27
Online

Azken erantzunak

Lander Unzueta Oct. 24, 2024, 10:57 a.m.

Milesker, Ibai! Gogotsu hurrengorako, aurtengoaren emaitzak ikusita :D
Euskal Game Jam 2ak ezin ikusizko Euskal Herriko …

Ibai Aizpurua Oct. 22, 2024, 5:43 p.m.

Artikulu eta lan ederrak! Ea noiz antolatzen dugun Euskal Game Jam 3!
Euskal Game Jam 2ak ezin ikusizko Euskal Herriko …

Ibai Aizpurua May 29, 2024, 9:10 p.m.

Analisi ederra! Beti erosi eta jolasteko zerrendan izan dut. Hain laburra dela jakiteak puntuak irabazi ditu neretzat!
LEGO Builder's Journey

Beñat March 26, 2024, 8:15 p.m.

Erabat ados Journeyri buruz esandakoarekin. Ea laster Flower hasi eta bukatzeko aukera dudan, bere unean, lehen maila probatu besterik ez bainuen egi…
Journey: bizitza, bidai [Analisia]