RX 6800, 6800 XT eta 6900 XT txartelak Nvidiaren RTX 30 serieari aurre egiteko asmoz datoz. Azaroan eta abenduan merkaturatuko dituzte.
Irailean Nvidiak txartel grafikoen katalogo berria aurkeztu ondoren, AMDren txanda iritsi da gauza bera egiteko. RX 6000 serieko txartel grafikoek RDNA 2 arkitektura dute ardatz bezala: aurreko txarteletan ikusitako errendimendua bikoiztera iritsiko direla agindu dute AMDkoek.
RX 6800, 6800 XT eta 6900 XT txartelak Nvidiaren RTX 3070, RTX 3080 eta RTX 3090 txartelei aurre egitera datoz. Azken horiek bezala, AMDren GPUak 4K-ko bereizmenera jokatzeko prest egongo dira, eta indartsuenak 8K-tara helduko dira. Nukleo bakoitzeko errendimendua %50 batean areagotu dutela diote arduradunek.
Zehazki, aipatutako RDNA 2 arkitekturak errendimendua kontsumo tasa hobeagoekin bikoiztuko duela azaldu dute. 7nm-ko Navi 21 GPUarekin batera RX 6800, 6800 XT eta 6900 XT-ak 13,9 TFLOPS, 18,6 TFLOPS eta 20,6 TFLOPS-etako errendimendua edukiko dute, hurrenez hurren.
RX 6800 izango da serie berriaren oinarrizko txartela. AMDkoek Nvidiaren 2080TI txartelaren errendimenduarekin alderatu zuten RX 6800arena. 579 dolarretako prezioa izango du eta azaroaren 18an estreinatuko da.
6800 XT-a 649 dolarretara kaleratuko da egun berean. RTX 3080aren errendimendua gainditu egiten duela adierazi dute AMDko arduradunek.
Azkenik, 6900 XT-a abenduaren 8an merkaturatuko dute 999 dolarretara. Txartel hau katalogo eraberrituko indartsuena izango da, Nvidiaren RTX 3090ari aurre egiteko pentsatua.
Radeon RX 6900 XT | Radeon RX 6800 XT | GeForce RTX 3070 | |
GPUa | Navi 21 | Navi 21 | Navi 21 |
Litografia | 7 nm | 7 nm | 7 nm |
Stream processors | 5.120 | 4.608 | 3.840 |
VRAM | 16GB | 16GB | 16GB |
Banda zabalera | 16 Gb/s | 16 Gb/s | 16 Gb/s |
Prezioa | 999 dolar | 649 dolar | 579 dolar |
Argitaratze data | Abenduak 8 | Azaroak 18 | Azaroak 18 |
Ezaugarri berriak ere ekarriko dituzte GPUek. Rage Mode deitutakoarekin overclockinga klik batera egongo da. Smart Access Memoryrekin GPUaren memoria Ryzen RX 5000 CPUen esku geratuko da. Hori horrela, bi ezaugarri horiek elkarrekin erabilita segundoko irudien tasa %13 batean hobetzera heldu daitekeela agindu dute.
Latentzia murrizteko ezaugarriak ere aipatu dituzte. Latency Reduction Tecnology deitutakoa hiru teknologi desberdinetan oinarrituta egongo da: AMD FreeSync, AMD Radeon Anti-Lag eta AMD Radeon Boost. Hirurekin batera latentzia %37 batean murriztu daitekeela diote.
RX 6000 serieko txartelei buruzko informazio guztia AMDk prestatutako webgunean aurki daiteke.
Iruzkinak