Nvidiako ingeniari batek Vulkan APIrako driver berria garatu du. Emaitza horiek gailuaren 3B+ modeloarekin lortu ditu.
Raspberry Pi gailuen familiak teknologiaren munduko zaletuak zur eta lur uzten jarraitzen du. Izan ere, gailu txiki horretan Quake 3 100 FPS baino gehiagotara mugitzea lortu du ingeniari batek.
Martin Thomas Nvidiako ingeniariak bi urteko lanaren ondoren argitaratu du RPi-VK-Driver deitutakoa. Izenak adierazten duen bezala driverrak Vulkan APIa erabiltzen du. Raspberry Pi Fundazioak gailuen familiarentzat zehazki garatutako kode irekiko Vulkan driverra garatzen hasi dela iragarri du aurten, baina Thomas aurreratu egin zaie bere proiektuarekin.
Lortutako emaitzak twitterreko kontuan argitaratutako txio baten bidez erakutsi ditu Thomasek. Bertan ikus daitekeenez, Raspberry Pi 3B+ modeloak 100 FPS baino gehiagotara mugitzen du Quake 3, 1.280 x 720eko bereizmenean. 1.920 x 1.080eko bereizmenean jokatu nahi izanez gero 70 irudi segunduko abiadurara helduko zela dio Nvidiako langileak.
Halere, Vulkanen arduradunak diren Khronos Groupen estandarrak kontuan hartzen ez dituenez ezin da esan ingeniariaren driverra Vulkan driver ofiziala denik. Gainera, Thomasen proiektua Raspberry Pi 1, 2, 3 eta Zero gailuetan aurkitzen den Broadcom VideoCore IV GPUarekin bakarrik erabili daiteke. Fundazioa garatzen ari den driver ofizialak ez du muga hori edukiko.
Iruzkinak