Insomniac Gamesen abentura jokoak protagonista berria gehituko du.

Spider-Man: Miles Moralesen ostean, Insomniac Gamesek PlayStation 5erako argitaratuko duen bigarren bideo-jokoaren argitaratze data zehaztu du: Ratchet & Clank: Rift Apart ekainaren 11n estreinatuko da.

Sonyk abentura iragarri zuenean jokalariek kontsola berriaren argitaratze datatik hurbil ikusiko zutela adierazi zuen. Halere, urte erdiko itxaronaldiaren ostean merkaturatuko da azkenean.

Egunarekin batera trailerra ere zabaldu dute arduradunek. Irudi berririk gabe, jokoaren ardatza izango diren portaleak agertzen dira bertan. PlayStationen Blogean jokoari buruzko xehetasun gehiago eskaini dituzte: horien artean aipagarriena edizio berezia da.

Digital Deluxe Editionak jokoa, bost armadura, photo moderako stickerren bilduma, soinu banda eta arte liburu digitalak eta armak hobetzeko raritanium deitutako materiala batuko ditu. Ratchet & Clank: Rift Aparten karatula erakusteko ere aprobetxatu dute Sonykoek.