Insomniac Games-ekoen plataforma abentura bikaina 2021ean kaleratu zen PlayStation 5 kontsolan. Hobekuntza aipagarriekin iritsiko da ordenagailuetara.
PlayStationek Ratchet & Clank: Rift Apart PCan estreinatuko duela iragarri du. PlayStation Blog-aren bitartez jakinarazi duenez, plataforma jokoa uztailaren 26an kaleratuko dute ordenagailuetan.
Insomniac Games Marvel’s Spider-Man 2 zein Wolverine bideojokoen garapenean murgilduta dabilenez, PlayStation Studios-eko beste lantaldeetako bat arduratuko da, berriz ere, port-a eratzeaz: Nixxes Software. Aukeraketak ez du inor ezustean harrapatuko; izan ere, Spider-Manen zein honen jarraipen Miles Morales-en PCko bertsioak prestatu zituen talde holandarrak.
Jatorriz 2021ean PlayStation 5 kontsolan merkaturatutako bideojokoa era guztietako hobekuntza grafikoekin eta teknikoekin helduko da PCra. Zelan ez, eskalatze teknologiekin hastea komeni da: Nvidia DLSS 3, AMD FSR 2, Intel XeSS zein Insomniac Gamesekoen Temporal Injection deitutako funtzioa erabili ahalko dira alor honetan errendimendua areagotzeko.
Nvidiakoen erabiltzaileek bestelako ezaugarriak ere jasoko dituzte: latentzia hobetzen duen Nvidia Reflex nahiz irudi kalitatea areagotzen duen Nvidia DLAA teknologiak erabil ditzake Rift Apartek.
Desblokeatutako segundoko irudien tasa da Nixxesekoek agindutako beste ezaugarrietako bat; hau da, fps-ek ez dute mugarik izango, hori kudeatzeko moduko gailua badugu, behintzat. Ez da erraza izango aukera grafiko guztiak aktibatu nahi baditugu: izpien trazadura aktiba dezakegu, eta PCko bertsioak kanpoko argiztapenaren itzalentzako ray-tracing berezia izango du, PS5eko jokoan ikusitako aukerekin batera.
Monitore formatu mordoarentzako euskarriarekin etorriko da Ratcheten eta Clanken azken lana: 21:9, 32:9 eta 48:9 pantaila ultrazabalek arazorik gabe funtzionatuko dute bideojokoarekin. Bukatzeko, PlayStationekoen lana izanda ezin zen DualSense agintearentzako funtzionalitate gabe geratu. Ezaugarri haptikoak eta kolpekarien efektu dinamikoak nabariko ditugu PS5eko agintea kable bidez erabiliz gero.
Arestian aipatu modura, Ratchet & Clank: Rift Apart uztailaren 26an estreinatuko da PCan. Steam zein Epic Games Store saltokietan erreserba daiteke dagoeneko.
PCa, erabat garrantzitsua PlayStationentzat
PlayStation Studiosekoen bideojoko gehiago PCra iritsiko zirela aurreikustekoa zen, baina gutxik espero zuten hurrengoa Rift Apart izatea; egia esan, aspaldiko Nvidiaren filtrazio handian PlayStation 4-ko Ghost of Tsushima egonik, horren zain zeuden ordenagailuko jokalari asko eta asko.
Orain astebete eskainitako Sony Business Segment Meeting 2023 aurkezpenean Jim Ryan-en taldeak PCari begira jarraitzen dutela azpimarratu zuen: 2025erako PlayStation Studiosekoen argitalpenen % 40 ordenagailuetan egotea gura dute Sony Interactive Entertainment-eko buruek.
PCan estreinatu diren PlayStationeko azken jokoen arrakasta ikusita, ez da harritzekoa: Spider-Man Remastered-ek 1,5 milioi ale saldu ditu, eta The Last of Us Part I-ek, bestalde, 368.000.
Horien aurretik Horizon Zero Dawn, Days Gone, God of War, Sackboy: A Big Adventure zein Returnal bezalako PlayStationeko esklusiboak heldu dira ordenagailuetara.
Iruzkinak