“Eguneroko bizitza eta ohiturak irudikatzen dituen abentura” izango da. Steam bidez estreinatuko da datorren urtean.
Raw Fury indie jokoen argitaletxe eta banatzaile suediarrak The Longest Road on Earth argitaratzeaz arduratuko dela iragarri du. Pixel art abentura jokoa lana 2020 hasieran crowdfunding kanpaina baten bidez finantzatzea lortu zuen Brainwash Gang garatzaileak; taldekideen artean Arturo Monedero bilbotarra dago.
Kickstarterren 11.045 euro bilduta “pixel art fina eta soinu banda mamitsua batzen dituen bideo-joko ederra” sortzeari ekin zion estudio madrildarrak. Arduradunen esanetan “eguneroko bizitza eta ohiturak irudikatzen dituen abentura” izango da The Longest Road on Earth: lau kapitulutan banatuta lau pertsonaia desberdinen egunerokotasuna biziko dute jokalariek. Ez da inolako erronkarik egongo, eta “tabernan lan egitea, argiak piztu edo itzaltzea eta loreak behatzea” bezalako eginkizunak aurkeztuko ditu jokoak.
Narrazio esperientzia berezi bat sortzea da Brainwash Gangekoen helburua. Pertsonaiak animalia antropomorfikoak izango dira, eta kokaleku guztiek xehetasun maila izugarria eskainiko dute. “The Longest Road on Earth bezalako jokoetan agertzen diren tokiak sortzerakoan xehetasun txikiak sortzeko lana egiten dugu”, diote garatzaileek. Xehetasun horiek “duten tamaina txikiagatik deskribatzaileegiak ez diren arren oso adierazgarriak izan daitezke, eta jokalariei ikusten ari direna interpretatzera eraman ahal die”.
The Longest Road on Earth 2021ean kaleratuko dute: lehenengo PCan egingo du Steam bidez, baina iOSen argitaratzea ere aurreikusten dute.
Iruzkinak