Jokoaren garapenari ekin baino ez diote ekin: “Esploratze fasean” aurkitzen da. Ez dakigu berregitea edo titulu guztiz berria izango den.
Ubisoftek Rayman berpiztu nahi du. Enpresa frantsesak Montpellierren eta Milanen dituen taldeekin aspaldiko pertsonaiaren obra berria garatzen hasi dela iragarri du, Kotaku agerkariak jakitera eman duenez.
Une honetan, baina, garapen prozesuaren lehen pausoak baino ez dituzte eman. “Esploratze fasean” dabiltzala adierazi dute Ubikoek, “etorkizunean xehetasun gehiago emateko” asmoarekin. Zalantzak sortu dira zaleen artean, espero bezala: Raymanen abentura zaharren berregitea izango ote, ala bideojoko guztiz berria?
Egunotan entzun dugun zurrumurru nagusiaren arabera, Project Steambot —Mickey Mouse-n lehen Steamboat Willie laburrari keinu eginez— izenarekin bataiatu duten bideojokoa lehen Raymanen remake-a izango litzateke.
Bideojokoen munduan hainbat maskota daude, eta ahaztuenetakoen artean dago, ziurrenik, Michel Ancel sortzaileak 1995. urtean sortutako pertsonaia. Ancel bideojokogintzaren mundutik aldendu zen 2020an, Beyond Good & Evil 2 proiektuan hainbat arazo edukita, lankideekin, batez ere; hala eta guztiz ere, Rayman berpizteko itzuliko da, aholkulari lanak burututa.
Informazioarekin, argi dago oraindik asko geratzen dela Rayman berri honen lehen irudiak ikusteko. Azken atala Rayman Legends izan zen: 2013an argitaratutako arrakasta handiko plataforma bideojoko koloretsua.
Prince of Persia: The Lost Crown-en taldea, deseginda
Raymanen albistea, zoritxarrez, beste albiste baten oihartzuna isilarazteko asmoa zabaldu dute Ubisoftekoek. Duela egun pare bat Prince of Persia: The Lost Crown bikainaren taldea desegin zutela iragarri zuen Origami agerkari frantsesak.
Atzo goizean informazioa publiko egin zuten bideojokoen enpresakoek: Abdelhak Elguess The Lost Crownen ekoizleak taldekideak beste proiektu batzuetara bideratu dituztela jakinarazi zuen, gainerako bideojokoak garatzaile hauen “esperientziaz baliatuko direla” aldarrikatuz.
2023an estreinatutako Prince of Persia: The Lost Crown metroidvaniak balorazio apartak jaso ditu prentsaren zein jokalarien aldetik. Tamalez, ez ditu Ubisoften salmenta aurreikuspenak bete: hori izango litzateke estudio txikia desegitearen zergatia.
Salmentak ez ziren Ubisoftek esperotakoak izango, baina printzearen bideojokoak ibilbide oparoa osatu du. Bideojoko originalarentzako ordainpeko DLCa zein doako hiru eduki gehigarri handi prestatzeko aukera eduki dute; ez hori bakarrik, PCan Epic Games Store eta Ubisoft Connect saltokietan kaleratu zuten hasiera batean, baina aurten Steam plataforman ere ikusi dugu, eta urte bukaeran Mac bertsioa argitaratuko dute.
Bitartean, Prince of Persia berria prestatzen jarraitzen dute Evil Empire indie estudioarekin elkarlanean: The Rogue Prince of Persia sarbide goiztiarrean proba dezakegu dagoeneko PCan.
Iruzkinak