Ameriketako Estatu Batuetako bihotzean eta cowboyen garaian girotutako mundu ireki batean oinarritzen da RockStar (aurrez GTA V edo Read Dead Redemption sarituen) etxearen azken argitalpen hau. Gogo handiz itxaroten gauden joko hau, aurreko entregaren aurrekaria izango dela ematen du eta zurrumurruek diotenez, New Orleansen kokatuko omen da.

 

PC, PS4 eta XBOX ONE plataformetarako garatu duten Western abentura honek, izugarrizko atmosfera eta girotze zaindua dauka, bakarka edo baita taldeka online (multiplayer) jolasteko aukerarekin.

 

RDR2 cowboy edo western epopeia bat da kanpotik ikusita, baina barruan bere bizitza aldatu nahi eta beti lortzen ez duen jendearen istorio eder eta tristea kontatzen digu.

 

 

Pieza honen abenturaren protagonistak, Arthur Morgan (lehen argitalpenean agertu zen John Marstonen antagonista) iheslari eta bidelapurra eta Van der Linde izenez ezaguna den banda bat izango dira. Zeinak bizirik iraun ahal izateko ipar ameriketako lur amaigabe eta nabarretan barna lapurretak eta borrokak eginez bidea egin beharko duten.

 

Jokoaren xehetasunetan sartuz eta beti ere egon diren filtrazio eta zurrumurruei kasu egiten badiegu, badirudi saga honen bigarren zati hau, lehen aipatu bezala aurrekoaren aurrekaria izango dela. Hasteko, mapetan agertzen den Blackwater gunea lehen edizioaren berdina delako. Baina aldi berean, mapa berri honetan, beste gune batzuetan agertzen den trenbide hori ez dagoela ohartuko garelako.

 

Honek istorioa urte batzuk lehenago gertatzen ari dela adierazten digu, trenbidea oraindik ere mendebaldera luzatzen ari zirenekoa. Teoria honekin jarraituz, trama ekialderago kokatzen da historikoki zentzua hartuz, non, garai hartako benetako Mendebalde Hurrunaren muga gutxigora behera horrarte iristen baitzen. Herri, asentamentu, kanpamentu, presa, gangsterren ezkutalekuak, haziendak, kobak eta gartzela bat ere agertzen da filtratu den mapa horretan.

 

 

Badirudi baita, lehen edizioko pertsonaiak ere agertuko direla. Hau espekulazio hutsa da momentuz, baina jokoa aurrekari bat delako hipotesia onartzen badugu, trailerraren amaieran agertzen den cowboyetako bat Bill Williamson dela dioenik badago. Modu berean, trailer beraren amaieran agertzen den taldeak John Marstonen gangster banda zaharra errepresentatu dezake. Bertan dauden Dutch van der Linde, Williamson, Javier Escuela eta London Ricketts pertsonaia legendarioaren agerpenarekin. RockStar etxeak lehendik ere pertsonaia zaharren erreferentziak sartu izan ditu GTA bezalako jokoetan eta ez da harritzekoa izango oraingoan ere John Marstonen agerpenen bat edota agian protagonismo gehiago duen eszenaren batzuk agertzen bazaizkigu.

Grafika eta musika ezin hobeak, akzioa nahi adina, ondo borobildutako istorio heldu bat eta girotze oso zaindua, bere bizikoak dira joko honetan. Hasiera batean 2017 hondarrean salgai egongo zela esan bazuten ere, azkenean 2018. urteko lehen hilabeteetarako dituzte aurreikusita argitalpen ofizialak. Ziurrenik beraz udaberrirako, apirila edo maiatza alderako eskuragarri izango dira.

 

Ortzadarrerako idatzitako artikulua: ‘Red Dead Redemption 2’: Western epopeia