PC, PS5, Switch 2 eta Xbox Series plataformetan argitaratuko da Tarsier Studios taldearen beldurrezko titulua.
REANIMALen kaleratze data aditzera eman du THQ Nordic argitaletxeak. Little Nightmaresen originalen sortzaileen beldurrezko jokoa otsailaren 13an merkaturatuko da.
Tarsier Studiosen obrak Little Nightmares 1 zein 2 tituluetan ikusitakoa hartzera eta moldatzera dator: beldurrezko abentura kooperatiboa izango da REANIMAL. Galdutako adiskideak aurkitzea eta salbatzea da neba-arreba protagonisten xede nagusia; horretarako, puzzleak eta bestelako oztopoak gainditu beharko dituzte.
Oinez zein txalupa gainean ibiliko dira, munstroak zein arrisku desberdinak aurkituta; egileen arabera, umeen amesgaiztoetako izakien itxura eta izaera edukiko dituzte. Estetika eta girotze bereziak berreskuratu dituzte garatzaileek: ipuin ilun kutsua hartzen du REANIMALek, ingurune eder bezain beldurgarriekin.
Bakarka jokatzeaz gain, esan bezala, abentura osoan zehar kooperatiboan aritzeko aukera eskainiko digute: tokiko multijokalaria zen sarekoa ahalbidetuko da.
Plataforma nagusi guztietara iritsiko da REANIMAL: ordenagailuan nahiz PlayStation 5, Switch 2 eta Xbox Series kontsoletan argitaratuko da datorren urteko otsailaren 13an.
Lander Unzueta
Iruzkinak