Epe laburrean, bideojoko zaharrez zein berriez gozatzeko bidea zeharo eraberritu dute zaleek prestatutako proiektuek.
Birkonpilazio zein dekonpilazio proiektuez luze eta sakon hitz egin da Game Erauntsian. Hala eta guztiz ere, azken asteotan eman den iraultza jarraitzea ia ezinezko bilakatu da. Quiver Launcher edo Recomplauncher bezalako tresnek, baina, birkonpilazioak biltzeko eta hauek instalatzeko erraztasunak eskaintzen dituzte.
Aipatutako biak dira ezagunenak une honetan; hori esanda, eta, egungo erritmoa ikusita, ziurrenik hemendik gutxira beste adibide batzuk ere nagusitzen dira. Gailu sorta desberdinean instala ditzakegu: biek Windows, GNU/Linux eta MacOS bertsioak dituzten bitartean, Quiverrek Android gailuetan funtzionatzen du, eta Recomplauncherrek PlayStation 5 bertsioa dauka.

Zer aurkituko dugu horietan? Bideojokoen zerrenda amaigabea. Super Mario 64, The Legend of Zelda: Ocarina of Time edo Banjo-Kazooie klasikoen inguruan sortutako birkonpilazio proiektuek hasi zuten guztia, baina, hein handi batean, adimen artifizialak ekarritako aldaketak dozenaka bideojokoren port natiboak ahalbidetu ditu. Une honetan, kontsola edo gailu nagusi guztietako tituluen birkonpilazioak ditugu: bai, Switch 2ko bideojokoenak barne.
Programak instalatuta, birkonpilazioak jasotzeko bidea oso sinplea da. Gure “liburutegira” gehitu beharko ditugu; hori eginda, bertatik jaitsiko, instalatuko eta eguneratuko zaizkigu. Github edo Gitlab webguneei lotuta, hauetako argitalpenak zein fitxategiak hartzen dituzte programok. Noski, horrek ez du esan nahi bideojokoa jasoko dugunik: ROM, ISO edo dagokion fitxategia daukagula baieztatuta, proiektu bakoitzean ageri diren azalpenak jarraitu beharko ditugu jokatzen hasteko.
Bilaketa errazteaz gain, ganorazko proiektuak ezagutzeko eta iragazteko baliagarriak dira bi programak. Erabiltzaileen balorazioekin, ondo funtzionatzen duten, arazoak ote dituzten, edo, zuzenean, abiatu ere ezin diren jakin dezakegu. Gure gailuaren arabera bila ditzakegu proiektuok, kontsolak aukeratu, martxan dabiltzan birkonpilazioak jarraitu… aukera ugari dituzte dagoeneko.

Adimen artifizialera itzulita, eztabaida sakona sortzen jarraitzen duen gaia da, eta birkonpilazioen munduan ere gauza bera gertatzen da: ikusten gabiltzan hazkundea AAari esker da, noski. Zaleek eskuz sortutako edo adimen artifizialaz lagundutako proiektuak nabarmentzen dituzte Quiverrek zein Recomplauncherrek; bukatzeko, nagusiki AAa erabilita sortutako birkonpilazioak ere iragaz daitezke.
Are urrutiago doaz, ordea: Recomplauncherrek, esate baterako, gordetako partidak hodeian biltzeko aukera eskaintzen digu, baita aginteentzako bereziki prestatutako Big Picture interfazea erabiltzekoa ere. Esandakoa, daramaten erritmo ikusgarriarekin, laster are ezaugarri gehiago jasoko dituzte.
Lander Unzueta
Iruzkinak