4,99 eurotara jarri du salgai jatorriz Red Dead Redemption 2n argitaratutako multijokalaria.
Rockstarrek Red Dead Redemption 2n baitan dagoen multijokalaria jende gehiagorengana iristeko mugimendua egin berri du. Red Dead Online bakarka salgai jarri dute prezio murriztuan, jatorrizko jokoa erosteko beharrik izan gabe.
Halako zerbait egiten duen lehen aldia da Rockstarrentzat. Grand Theft Auto V-ekin batera argitaratutako GTA Onlinek izandako arrakastak ere ez die jokoa bakarka kaleratzera eraman. Arduradunek zehaztu dutenez, RDOren bakarkako bertsio horrek orain arte argitaratutako eduki guztiak biltzen ditu; etorkizunean gehitzen joango direnak ere jasoko ditu.
Red Dead Online PlayStation 4, Xbox One zein PCrako jarri dute salgai; azken plataforma horretan Rockstar Games Launcher, Epic Games Store eta Steam bidez eskuratu ahal da. Hasiera batean 4,99 euroko preziora salgai jarri dute. Hala ere, iraupen mugatuko eskaintza berezia da: 2021eko otsailetik hasita 19,99 eurotara igoko dute prezioa.
Iragarpenarekin batera Bounty Hunters Role deitutako espantsioa aurkeztu dute. Bertan Bounty Hunterren ogibiderako kriminal berriak eta abilezia mailak gehitu dituzte.
Iruzkinak