John Marston cowboyaren abentura 2010ean bizi genuen lehen aldiz; 2023an eguneratutako bertsioa argitaratu zuten egungo kontsoletan.

Red Dead Redemption originala ordenagailuetan ikusiko dugu azkenik. Rockstar Games-ek RDR zein Undead Nightmare espantsioa PCra eramango dituela iragarri du: urriaren 29an kaleratuko ditu biak bilduma bakarrean.

Rockstar Games plataforman argitaratzeaz gain, Steam bidez ere eskura dezakegu. Zoritxarrez, oraindik ez dugu bere prezioa ezagutzen —eta ez da seinale ona izaten—.

2010ean ikusi genuen Rockstarren cowboyen lehen abentura. Grand Theft Auto sagaren oinarriak hartu, eta girotzea guztiz aldatu zuten, mundu errealista, gogorra eta aberatsa eratuta. John Marston da gure protagonista: bere antzinako taldeko kideak harrapatzea du helburu, Amerikako Estatu Batuetako gobernuarekin akordioa adostu ondoren.

Horrela, 1911. urteko Ipar Amerikan barneratuko gara. Mundu ireki erraldoiak sekulako xehetasun maila erakutsi zuen duela hamalau urte, baina, gaur egun ere, aparta dela esan beharra dago: denetariko pertsonaiak eta jazoerak ikusiko ditugu misio anitzak betetzen ditugun bitartean.

Esan bezala, RDR Undead Nightmare eduki gehigarriarekin batera estreinatuko da ordenagailuan. Espantsioak istorio alternatibo berezia aurkezten digu: zonbien aurka egingo dugu hemen, joko originaleko jazoerak guztiz aldatuz.

PCko bertsioa, ohi bezala, atal teknikoari zuzendutako hobekuntzekin eta berrikuntzekin merkaturatuko da: Rockstarrekoak Double Eleven taldearekin batu dira 4K bereizmena eta 144 fps-tik gorako irudien tasa inplementatzeko, baita pantaila zabalentzako nahiz ultrazabalentzako euskarria ere, HDR10 funtzioarekin batera. Atal grafikoa doitzeko aukerekin batera, NVIDIA DLSS 3.7 eta AMD FSR 3.0 eskalatze teknologiak erabil ditzakegu.

Agintearekin jokatzeaz gain, saguarekin eta teklatuarekin ibili ahalko gara lehen aldiz Dutch van der Linde-ren taldearen bila. Bere jarraipenean gaizkileok hobeto ezagutzeko aukera eduki genuen: 2018an —2019an PCan— argitaratutako RDR2n Dutchen bidelapurren taldekidean bilakatu ginen, hamaika urte lehenago jazotakoak ikusiz.

Red Dead Redemption 1en bertsio berri hau aspalditik agertu izan da sareetan; izan ere, Rockstarri hainbat irudik ihes egin izan dizkio, bere plataforman agertuz. 2023an PlayStation 4 zein Switch kontsoletarako kaleratu zuten eguneratutako bertsioa.