Double Eleven eta Cast Iron Games taldeak arduratuko dira mundu irekiko western-aren moldaketez.
Rockstar Games-ek Red Dead Redemption originalaren port berriak iragarri ditu. Abenduaren 2an PlayStation 5, Xbox Series, Switch 2, Android eta iOS gailuetan merkaturatuko da John Marston protagonistaren abentura maitatua.
PlayStation 4an, Switchean zein PCan duela gutxi argitaratutako bertsioen port berriak ikusiko ditugu, beraz. Kasu honetan, Double Eleven eta Cast Iron Games estudioak arduratuko dira bertsio berriak garatzeaz.
Kontsolen kasuan, 4K bereizmena, segundoko 60 fotogramen tasa, HDR eta beste zeinbait hobekuntza grafiko aipatu dira; Switch 2ra begira jarrita, bereizmena zehaztu gabe geratu dira, baina Joy-Con aginteen sagu modalitatearekin jokatzeko aukera gehitzen da.
PlayStation 4, Switch eta Xbox One plataformetan dagoeneko erosita daukatenek debalde gaurkotzeko aukera edukiko dute, kontsola berrienetan jokatu nahi izanez gero.
Mugikorren kasuan, ukipen pantailentzako euskarria edukiko du, nola ez, mundu irekiko western tituluak. Saltoki digital nagusietan saltzeaz gain, Netflix plataformaren harpidetzan eskainiko da Red Dead Redemption; hortaz, streaming zerbitzuaren harpidedunek ezer gehiago ordaindu gabe joka dezakete mugikorretan.
1911. urteko Ipar Amerikan barneratuko gara John Marstonekin, bere aspaldiko taldekideen bila eramango duen abentura erraldoian. Joko originalarekin batera, iritsiko diren port berriek Undead Nightmare espantsioa jasoko dute, zonbien eta munstroen aurka jartzeko.
PlayStation 3 eta Xbox 360 kontsoletako bertsio originalak 2010ean kaleratu zituen Rockstarrek, sekulako arrakasta lortuta, nahiz eta errendimendu arazo eta akats ugari izan. Aipatu modura, 2023an PlayStation 4 eta Switch bertsioak ikusi genituen —Xbox kontsola berrietan retrobateragarritasun funtzioarekin joka daiteke originalean—, eta, 2024an, PCkoa.
Abenduaren 2an kaleratuko da Red Dead Redemption PS5, Xbox Series, Switch 2, Android eta iOS plataformetan.
Lander Unzueta
Iruzkinak