2025ean estreinatuko da kontsoletan nahiz ordenagailuetan. Terrifier beldurrezko filmeetako bilauan bilakatuko gara.
Terrifier The ARTcade Game iragarri du Bilboko Relevo taldeak. 80ko eta 90eko hamarkadetan arkade aretoetan aurki zitezkeen beat ‘em up abentura klasikoen mekanikak bereganatzen dituen akziozko titulua izango da.
2025erako prest edukitzeko asmoa agertu du Jon Kortazar zuzendariak gidatutako estudioak. Plataformei dagokienez, PCrako zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletarako bertsioak iragarri ditu.
Beldurrezko filmeen zaleek ondo ezagutuko duten izena da Terrifier, eta, bai: filmeen unibertsoan girotzen da bilbotarren jokoa. Selecta Play argitaletxearekin batu dira Damien Leone zinema zuzendariaren filmak bideojokoetara eramateko.
Hori horrela, Art pailazo beldurgarriaren, hau da, filmeetako bilauaren rola jokatuko dugu, baita bestelako munstroena ere. Dozenaka gizaki akatuko ditugu abilezia desberdinekin: aizkorak, labanak zein motozerrak erabiliko ditugu gure sarraskietan… baita bizikletatxoak ere. Odola eta gorea nagusi izango dira, filmeetan gertatu bezala.
Hainbat maila eta buruzagi agintzen dituzte egileek, hauek gainditzeko erabil ditzakegun armekin nahiz mugimendu berezi ikusgarriekin batera. Ez hori bakarrik: sei modalitate desberdin prestatuko dituzte, eta hauetan beste hiru lagunekin aritzeko aukera edukiko dugu. Elkarrekin, zein elkarren aurka.
Estetika aldetik, beat ‘em up generoaren klasiko modernoetako bat hartu dute inspirazio iturritzat: Scott Pilgrim vs The World: The Game zoragarriarekin antzekotasun handiak dauzka Relevoren tituluak.
Aniztasuna ardatz
Beat ‘em up honekin, edozein motatako bideojokoak sortzeko gai direla erakusten jarraitzen dute Relevokoek.
Aurretik Frontball Planet esku pilota jokoa, Treasure Rangers puzzle abentura, plataforma erronkak ardatz dituen Baboon! dibertigarria zein MSX gailurako hainbat retro joko eratu dituzte, beste euskal estudio batzuen ekoizpenetan laguntzeaz gain.
Terrifier ez da, gainera, une honetan prestatzen dabiltzan obra bakarra: Bullfighter NEON arkade jokoaren garatzen jarraitzen dute bitartean, “laster” argitaratzeko asmoarekin.
Terrifier The ARTcade Game, aipatu modura, 2025ean kaleratuko dute PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan.
Iruzkinak