Rocket League… gizakiekin elkartuko duen online jokoa prestatzen ari da Sloclap. Sarbide goiztiarrean estreinatuko da 2025ean.

Sloclap estudioak arte martzialak alboratu ditu kiroletara igarotzeko. Sifu bikainaren egileek Rematch aurkeztu dute: 5vs5 formatuko norgehiagokak planteatzen dituen “online akziozko futbol jokoa”.

Ez dugu borrokarik ikusiko, baina Sifuren oinarrietako batzuk bertan ageri dira. Jokalari bakarra kontrolatuko dugu partiduetan: berarekin era guztietako mugimenduak egiteko aukera egongo da ingurune futuristetan.

Hein batean, Rocket League ezagunarekin antzekotasunak partekatzen ditu Rematchek; hori bai, autorik gabe. Zerbitzu erako jokoa izango da: denboraldiak eta eduki berriak gehitzen joango dira, modalitate kasualekin zein lehiakorrekin.

2025eko udan sarbide goiztiarrean kaleratuko dute PC, PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan. Aurretik beta probaldia abiatuko dute: izen ematea irekita dago.