Gunfire Games taldeak Soulsborne abenturak tiro jokoekin uztartzen dituen tituluaren atal berria bukatu du. Uztailaren 25ean kaleratuko dute.
Uztaileko argitalpenen zerrendan Remnant II nabarmendu genuen, eta, halere, bideojoko itxurosoaren ardatzetan sakondu gabe geratu ginen. Horretan laguntzeko ezaugarriak eta gakoak ezagutzera ematen dituen bideo luzea prestatu dute garatzaileek.
Bizirik dirauen gizadiak munstro beldurgarrien zein jaiko ikaragarrien aurka egin beharko du Remnant: From the Ashes apartaren jarraipenean. Lehenengo atalaren mekanikak hartzen ditu bigarrenak; hau da, tiro jokoa da funtsean, baina mekanikek zein girotzeak Dark Souls eta bere oinordekoak gogorarazten ditu.
Horrela, zailtasun handiko abentura prestatu dute Gunfire Games taldekoek. Bizirik jarraitzeko zutabeetako bat prestakuntzan dagoela diote bideoan: gure pertsonaiaren ekipamendua ondo aukeratuta gupidarik gabeko tiroketetan barneratuko gara.
Arma arruntak zein gailu estralurtar aurreratuak edukiko ditugu eskura: bideoan arkuak zein plasma rifleak ageri dira. Gorputzez gorputzeko dueluak ere biziko ditugu; horietan ezpatak, makila magikoak eta bestelakoak erabiliko dituzte gure pertsonaiek.
Nahi bezalako pertsonaia mota eratzeko aukera sorta zabala ikusiko dugu, gainera. Maila desberdinetatik abiatuko gara: medikua, txakur hezitzailea, pistolaria, erronkaria edo ehiztaria bezalako aukerekin rol partidan gabiltzala pentsa dezakegu.
Ez hori bakarrik: eraztunekin, armen eraldatzaileekin nahiz gainerako osagarriekin aldaketa nabarmenak eragin ditzakegu gure abatarrean zein jokatzeko moduan. Aniztasuna zein berjokagarritasuna garrantzi handikoak izan dira tituluaren sortzaileentzat.
Aipatutako guztia beste maila batera eramatea lortuo dute multijokalari funtzioek; izan ere, beste bi lagunekin batera jokoak proposatutako erronka guztiei aurre egiten ibil gaitezke.
Remnant II PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan zein ordenagailuetan argitaratuko du Gunfirek Gearbox Publishing argitaletxearekin batera. Uztailaren 25etik aurrera jokatu ahalko dugu.
Iruzkinak