Otsoa zaleak lokalizatu du Celsius Online taldearen proiektua. Nabigatzaile bidez zein gailu mugikorretan ibil gaitezke.

Renaissance Kingdoms da euskarara itzulitako azken bideojokoa. PCan zein Android eta iOS gailu mugikorretan doan joka daitekeen estrategia MMORPGa gure hizkuntzan aurkituko dugu ofizialki.

Bideojokoaren izena ezaguna izan daiteke jokalari beteranoenentzat: 2004. urtean kaleratu zuen Celsius Online estudioak bertsio originala. Jokoak oinarri berberak mantentzen baditu ere, sarbide goiztiarrean aurkitzen den eguneratutako bertsioa daukagu gaur egun, eta hori da Otsoa zaleak euskaratu duena.

Erdi Aro europarrean murgilduko gara RKn: XV. mendeko herritarra sortuko dugu, eta gure esku egongo da honekin egin nahi duguna lortzea. Estrategia jokoa rol mekanikekin uztartzen da; sortzaileek zein jokalariek jokatzerakoan gure papera betetzera animatzen gaituzte. Izan ere, nekazariak izan gaitezke, baita soldaduak, tabernetako ugazabak, nobleak edo abeslariak ere, beste aukera askoren artean.

MMORPGa doakoa bada ere, ordainpeko hainbat elementu biltzen dituela nabarmendu beharra dago; adibidez, armada biltzeko nahiz azkarrago bidaiatzeko ordaindu beharko dugu, baita mailaz azkarrago igotzeko edo gure pertsonaiaren estatistika desberdinak hobetzeko.

Otsoak egindako lana goraipatzekoa da: jokoaren interfazean aurkituko ditugun testuekin batera webgune ofiziala ere lokalizatu du gure hizkuntzara. Hala eta guztiz ere, hainbat elementu oraindik itzuli gabe daude. Renaissance Kingdoms euskaratuta dagoela aipatuta, beste 25 bat hizkuntzatan ere aurkitzen dela nabarmentzekoa da: katalanez joka dezakegu, adibidez.

Itzultzaileak aipatu digunez, “euskal komunitatea sortzea” gustatuko litzaioke RKn: horrekin berezko zerbitzaria, udalerria, konderria zein foro ofizialean euskararentzako txokoa egon daitezkeela aipatzen du Otsoak.

Esan bezala, ordenagailuetan zein mugikorretan ibil gaitezke RKn. PCaren kasuan nabigatzaile bidez joka dezakegu webgune ofizialetik; Android eta iOS gailu mugikorretan, ordea, gaur egun beta bertsioan aurkitzen diren aplikazioak jaitsi beharko ditugu.