Plataformak eta akzioa izango dira ardatzak. PCan zein Xbox Series kontsoletan kaleratuko du Sad Cat Studios taldeak.

Replaced indie abentura desiratuaren argitalpen data zehaztu du Thunderful Publishing argitaletxeak: 2026ko martxoaren 12an kaleratuko da.

Sad Cat Studios taldearen bideojokoa 2021. urteko Xbox-en aurkezpenean ezagutu genuen; 2022rako iragarria, hainbat berandutze jasan ditu, ordutik honako urte guztietan kaleratzeko asmoa edukita.

Cyberpunk estetika 2.5D grafikoekin uztartzen du, pixel art sprite landuak hiru dimentsioko ingurune ederrekin elkartuz. R.E.A.C.H. izeneko adimen artifiziala gidatuko dugu: gizaki gorpua bereganatu ondoren, akzioz betetako abentura zinematikoaren protagonista izango da.

80ko hamarkada alternatiboan kokatzen den Phoenix City ezagutuko dugu: Erakunde (Corporation) erraldoiaren egoitza nagusi bilakatu den tokia, ustelkeriaz betetakoa. Lasterka, eskalatzen eta borrokan ariko gara hiri distopikoan zehar. Konbo bizkorrak eta mugimendu dinamikoa agintzen dituzte garatzaileek, baina benetako ardatza bere narratiba nahiz gidoi landuak izango dira.

PCko saltokiez gain, Xbox Series kontsoletan eta Game Pass harpidetzetan ikusiko dugu Replaced. Esan bezala, martxoaren 12an estreinatuko da.