Aurten kaleratuko dute Capcom-ekoek beren beldurrezko abenturentzako doako adabakia. PC-rako bertsioetara ere iritsiko dira aldaketak.

Resident Evil Village arrakastatsuarentzako hedapenean lanean dabiltza Capcomekoak, baina sagaren aurreko bideojokoak ahaztu gabe. Ezustean iragarri dutenez, Resident Evil 2ren eta 3ren remakeen zein 7 atalaren belaunaldi berrirako adabakia prestatzen ari dira: hauek atal teknikoan era guztietako hobekuntzak ekarriko dituzte.

2022an estreinatuko da PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletarako eguneraketa. "Izpien trazadura, segundoko irudi tasa hobea, 3D soinua eta hobetutako jostagarritasuna" aipatzen dituzte hobekuntzen artean;: hiru bideojokoek sekulako atal grafikoa izaten jarraitzen dute RE Engine motor grafikoarekin egindako lan bikainari esker, beraz ikusteko dago zer nolako aldaketa dagoen kontsola berrien indarra erabilita.

Kontsoletarako bakarrik ez, PCrako ere iritsiko da adabakia. Doakoa izango da aurretik jokoa erosita dutenentzat: ordenagailuetako jokalariek doako eguneraketa ikusiko dute, eta PlayStation 4-ko zein Xbox One-ko bertsioak erosi zituztenek kontsola berrietarako jasoko dute adabakia ezer gehiago ordaindu gabe.

Mugimendu polita japoniarren aldetik, beldurrezko hiru jokoek ikaragarrizko salmentak izan baitituzte. Resident Evil 7k 10,6 milioi ale saltzea lortu zuen 2021eko abenduaren 31 aurretik; epe berean 9,3 milioi saldu ditu Resident Evil 2ren remake apartak. Resident Evil 3renak, berriz, bost milioi joko baino gehiago saldu dituela ezagutarazi zuen Capcomek orain gutxi.

Resident Evil 2, 3 eta 7 jokoen hobekuntzak aurten iritsiko dira PS5, Xbox Series eta PC plataformetara.