Lehen trailerrarekin RE Engine motor grafikoa erabiltzen jarraituko dutela iragarri dute japoniarrek. PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan kaleratuko da.

Ahotik ahora ibili den Resident Evil 4ren remake-a benetakoa da. Gaur gauerdiko State of Play aurkezpeneko ezusteko handietako bat izan da: Leon S. Kennedy agentearen beldurrezko abentura datorren urteko martxoaren 24an iritsiko da.

Capcomekoek diotenez, berregiteak “joko originalaren mamia mantenduko du, aldi berean eguneratutako joko mekanikak, berregindako istorioa eta belaunaldi berriko grafiko ikusgarriak jasota“. Azken horri lotuta, horren emaitza onak eman dizkien RE Engine motor grafikoa erabiltzen jarraituko dute japoniarrek.

Hori horrela, 2005ean Gamecube kontsolan kaleratu zen —eta ordutik hona ia plataforma guztietara iritsi den— klasikoari aldaketa handiak egingo dizkiotela dirudi. Trailerrean argi ikusten da: kutsu serioagoa izango du tituluak. Protagonista Raccoon City-n gertatutakoengandik torturatuta ariko dela dirudi, eta beldur elementuak areagotuko dituzte. Resident Evil 2ren eta 3ren remakeekin egindako aldaketen ibilbidea jarraituko dute hortaz.

Jokagarritasun aldetik ezer gutxi dakigu: suposatzekoa da aipatutako berregiteen mekanikak mantenduko dituztela, RE4rentzako nahiko aproposak baitira. Hori bai, ikusteko dago ea Espainiako herrixka galduko bizilagunek mexikar hizkerarekin hitz egiten jarraituko duten.

 

 

Errealitate birtualarekin beldurra pasatuz

Errealitate birtuala izan da State of Play honen ardatzetako bat, eta Resident Evil ez da moda honetatik kanpo geratu. PlayStation VR2 gailuekin gozatu ahalko da RE4 Remake: ez dute zehaztu zer nolako mekanikak izango dituen, soilik “VR-rako edukiak prestatzen” dabiltzala. Bitxia da, orain gutxi bertsio originalak Oculus VR-entzako port-a jaso zuela jakinda.

Resident Evil Village-k ere VR modua izango du, ordea: trailer batekin lehen pertsonako jokoaren jokagarritasun eraberritua erakutsi dute. Itxuraz, Resident Evil 7-ren PS VR-rako errealitate birtualaren moduaren oso antzekoa izango da.

Resident Evil 4 Remake 2023ko martxoaren 24an estreinatuko da PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan.