Capcomek jokorik arrakastatsuena aurten itzuliko da, oraingoan Oculus Quest 2ra. Jatorrizko jokoaren birmasterizazioa izango da RE4 VR.
Apirileko Resident Evil Showcase aurkezpenean iragarri zuten lehenengoz Leon S. Kennedyren abentura espainiarraren errealitate birtualeko bertsioa. Oculusen esklusiboa izanik, baina, Resident Evil 4 VR-ren lehen xehetasun potoloak pasa den asteko Oculus Gaming Showcasean ematea erabaki zuten arduradunek.
Capcomekin elkarlanean Oculus bera eta Armature Studio ari dira errealitate birtualera egokitutako birmasterizazioa prestatzen. Oraingoan RE4ren oinarria zen lepoko hirugarren pertsonako ikuspegia alboratu egingo dute VR-etara moldatzeko: lehen pertsonan jokatuko da abentura osoa, FPSa balitz bezala. “Suspensea errealitate birtualak soilik areagotu dezakeen modura” oinarrizko elementuak bere horretan mantenduko dituztela adierazi dute garatzaileek.
Ukipenezko aginteekin RE4n aurkitu daitezkeen elementuekin elkarreragiteko aukera emango dute: esate baterako, tiraderak edota ateak zabaltzeko keinuak egin beharko dituzte jokalariek. Hori horrela, elementu guztiak fisikoki birdiseinatu dituzte, ukitzea eta mugitzea posible izateko.
Armekin nabarituko da aldaketarik esanguratsuena: ez da beharrezkoa izango menua erabiltzea armaz aldatzeko, lepoan gordeko baitira gainerako su-armak. Horrez gain esku bakoitzean arma desberdina eramatea posible izango dela diote garatzaileek; pistola eta labanarekin ikus daiteke Leon erakutsitako trailerrean. Jostagarritasunean eragin handia izango duela pentsa daiteke.
Mugimenduak nola funtzionatuko duen ere zehaztu dute Oculusekoek. Ohi bezala aginteen stickarekin mugitzea ahalbidetuko dute, baina horrez gain gero eta gehiago ikusten den teleportazio bidezko mugimendua ere gaineratuko dute, baita mugimendu propioaren bidez ibiltzeko aukera ere. Modu horretara jokalari mota guztiei zuzendutako aukerak eskaintzea bilatzen dute, errealitate birtualezko abentura ahalik eta modu erosoenean gozatzeko.
Resident Evil 4 originalean ikusitako ezaugarriak hobetzeko lanean ari dira Armaturekoak. Jatorrizko elementuak hartu eta belaunaldi berrietara egokituko dituzte: “4.500 testura inguru berriz marraztu” dituzte, baita horien bereizmena areagotu ere. Pertsonaien animazioak Unreal Engine 4 motor grafikora egokitzeko moldatu dituzte, horiek “ahalik eta fideltasun handienarekin berreginda”. Zinematikak zaintzeko lana hartu dute gainera, “formatu originala mantenduta”.
Lehen aipatu bezala, Resident Evil 4 VR Oculuseko esklusiboa izango da: zehazki, Oculus Quest 2 gailuentzako prestatzen ari dira une honetan. Argitaratze datarik eman gabe, 2021ean merkaturatzea aurreikusten dute arduradunek.
Iruzkinak