Oculus Quest 2 gailuekin bakarrik gozatu ahalko da Capcom-en joko klasikoaz. Oculus Studios eta Armature Studio ari dira port berria garatzen.
Errealitate birtualeko bertsio berezia jasoko du Resident Evil 4 arrakastatsuak, eta azkenik baieztatu dute argitaratze data Oculuseko arduradunek: urriaren 21ean merkaturatuko dute RE4 VR.
Bertsio honek dakartzan aldaketa eta berritasun esanguratsuak laburbiltzeko bi trailer argitaratu dituzte. 2005an lehenik GameCube kontsolarako merkaturatu zen jokora lehen pertsonako ikuspegian jokatuko da lehen aldiz VR bertsio honetan. Bideo-joko osoa goitik behera jokatu ahalko dela nabarmendu dute arduradunek, ez baita jokoaren une zehatz batzuen bilduma izango.
Hori horrela, errealitate birtualeko aginteak erabilita armak eskuetan hartu eta Espainiako herritar beldurgarriei tiro egiteko aukera edukiko dute jokalariek Leon S. Kennedy kontrolatuta. Ez hori bakarrik, puzzleak eta menuak ere aginte hauen bidez kudeatuko dira: botoi birtualak ukitzeko edota inbentarioaren menua nahi bezala antolatzeko sistema berria eratu dute, guztiz elkarreragilea. Armaz aldatzeko, adibidez, gerrikora jo beharko dute jokalariek.
Mugimendua estatikoa izango da, baina. Lehen pertsonako beste hainbat errealitate birtualeko jokoetan ikusi bezala, jokalariek egon nahi duten lekua aukeratu eta bertara teleportatuko dira zuzenean. Hirugarren pertsonara igaroko diren une bakarra kolpekatzerakoan izango da: Leonen ostikoak eta oratzeak ohiko kamararekin ikusiko dira.
Aipatutakoez gain testura eraberrituak, VR-rako segundoko irudien tasa hobetua edota etsaien adimen artifizial zaharberritua prestatu dituzte Oculus Studios eta Armature Studio garatzaileek bertsio honetarako.
Bideo-joko klasikoa berriz erakargarria egiteko apustua dirudien arren, zaleen eta errealitate birtualeko erabiltzaile askoren haserrea eragin du RE4 VR-ek. Izan ere, Oculus Quest 2 gailuentzako esklusiboa izango da, ahalik eta gailu sorta zabalenarentzako eskuragarria izan beharrean.
Esan bezala, Resident Evil 4 VR urriaren 21ean estreinatuko da PC bidez Oculus Quest 2 errealitate birtualeko gailuetan.
Iruzkinak