RE Village-n eduki gehigarriak ere zehaztu ditu. Gainera, RE 2, 3 eta 7 atalentzako hobekuntza grafikoak argitaratu dituzte japoniarrek.

Capcomek bere aurkezpen propioa egin du gauerdian, eta bideojoko gutxi erakutsi arren, Resident Evilen zaleak pozik uzteko iragarpen mordoa jakitera eman ditu bertan. Hasteko, joan den astean iragarritako Resident Evil 4 Remaken lehen gameplay bideoa erakutsi du.

Aurretik aipatu bezala, 2005ean kaleratutako laugarren atalari kutsu serioagoa eta ilunagoa eman nahi diote. Leon S. Kennedy protagonistaren itxura berria ikusi baino ez da egin behar horretaz konturatzeko: nekatuta eta zahartuta ageri da agente berezia.

Abenturako lehen guneak ere ikusi ahal izan ditugu. Hasierako baso goibelak beste giro bat izango du remakean: koloreen paleta hotzagoarekin, beldurra areagotu egingo dela argi geratzen da irudiok ikusita. Bestalde, kamera Leonen sorbaldatara itzuliko da berregitean; era batean, RE2 eta RE3 remakeetan ikusitako antzeko ikuspegia izango dugu oraingoan.

Erakutsitakoa gutxi izan bada ere, datozen hilabeteetan Capcomek are xehetasun gehiago aurkeztuko dituela suposatzekoa da; izan ere, RE4 Remake datorren urteko martxoaren 24an kaleratzea aurreikusten dute.

 

Villagen lehen espantsioa, urrian

RE4 izar nagusia izan arren, aurreko atalak ere berritasun esanguratsuak jaso ditu. Aspaldi iragarritako eduki gehigarri handiari buruzko xehetasunak eman dituzte japoniarrek RE Villagerako: Shadows of Rose deituko da, eta Ethan Winters protagonistaren alabaren rola hartuko dugu oraingoan, jatorrizko jokoaren girotzea baino hamasei urte beranduago.

Botere bitxiak ditu Rose Wintersek, eta horiek ezagutzeari ekingo diogu hirugarren pertsonan jokatuko den espantsio honetan. Are gehiago, oinarrizko abenturarako hirugarren pertsonako ikuspegia ere baieztatu dute: lehen pertsonan jokatzeak beldurtzen gaituen horientzako aproposa.

Mertzenarioen joko motarako pertsonaia gehiago ere jasoko ditugu: Chris Redfield, Karl Heisenberg eta, nola ez, Lady Dimitrescu izango ditugu aukeratzeko. Bakoitzak bere armak eta abileziak edukiko ditu, ohi bezala.

Aipatutako guztiak urriaren 28an estreinatuko den RE Village Gold Edition-ekin eskuratu ahalko dira. Zehazteke dago edukiok bakarka erosteko aukera izango duten jokoa dagoeneko daukatenek; hori bai, Winter’s Expansion DLC-arekin hirurak batera salduko dira.

Villagentzako azken edukia ere nabarmendu beharra dago: urriaren 28an jokoa erosita dutenek RE: Verse online multijokalari abentura eskuratuko dute.

 

Remakeak eta 7, eguneratuta

Resident Evilekin bukatzeko, egungo belaunaldiak RE2, RE3 eta RE7 atalen eguneratutako bertsioak jaso ditu: hauetara PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletan joka daiteke hainbat hobekuntzekin. PC-ko jokalariek ere jaso dituzte berritasun hauek, guztiz doan.

RE Engine motor grafikoaren indarra aprobetxatzeko pentsatutako ezaugarriak dira. Nola ez, izpien trazadura jaso dute adabakiarekin; horrez gain, 4K bereizmena, segundoko irudien tasa hobea eta 3D soinua gehitu dizkiete bideojokoei. PS5aren kasuan, DualSense agintearentzako berezitasunak ere gaineratu dituzte Capcomekoek.

Honek guztiak, noski, PCko gutxieneko baldintzak igotzea eragin du. Hortaz, aurretik jokook funtzionarazteko arazoekin ibili bazara adi, agian orain ezingo duzu jokatu eta. Arraroa da Capcomek jatorrizko bertsioak ezabatu izana, eta zale batzuk kexaka hasi dira dagoeneko.