Istorio berria ekarriko duen DLCaz gain, eduki eta modalitate berriak prestatzen dabiltza bederatzigarren RErentzat.

Resident Evil Requiemen estreinaldi arrakastatsua ospatzeko, lehen espantsio handia baieztatu du Capcom talde japoniarrak.

Koshi Nakanishi zuzendariak prestatutako bideoan istorioaren espantsioa garapenean dagoela ezagutzera eman dute. Txantxa artean, Requiemen munduna are gehiago murgilduko direla dio arduradunak. Xehetasun handiegirik eman gabe, lanean gogor dabiltzala dio.

Ez da bederatzigarren RE jokoak jasoko duen eduki bakarra izango, ordea: jokoaren akatsak eta errendimendua zuzentzeko adabakiak kaleratzen dihardute. Aurrekoan jaso zuten lehena jokalariek, baina gehiago daude bidean. Argazkilaritza modalitatea ere jasoko du bideojokoak; bukatzeko, minijoko berria prestatzen dabiltza Osakakoak.

Salmenta datuak ere eskaini ditu Nakanishik: bost milioi salmentak gainditu dituzte dagoeneko PC, PlayStation 5, Switch 2 eta Xbox Series bertsioen artean, frankiziaren estreinaldirik arrakastatsuena lortuta.

Hori jakinda, argi dago Resident Evil gehiago ikusiko ditugula; zurrumurruen arabera, RE originalaren berregite berria —hirugarrena izango litzateke; laugarrena, kaleratu gabeko Game Boy Color bertsioa kontuan hartuta— zein Code: Veronica klasikoaren remake-a izango dira hurrengoak.