Bi protagonisten berezitasunak zehaztu dituzte egileek. Otsailaren 27an kaleratuko du Capcom-ek: kontsoletara eta PCra eramango da.
Capcom talde japoniarrak Resident Evil Requiemi eskainitako RE Showcase aurkezpena argitaratu du. Beldurrezko frankiziaren bederatzigarren titulu handiaren inguruko informazioa partekatu dute egileek, hainbat datu eskainita.
Koshi Nakanishi zuzendaria orain gutxi ezagutu genuen bigarren protagonistaren testuingurua azalduz —nahiz eta aspalditik bere inguruko zurrumurruak entzun izan genituen— hasi da. Leon S. Kennedy mitikoak errepikatuko du Requiemen, baina ideia originala pixkat ezberdina zen; izan ere, survival horror ohikoagoaren parte izan behar zen beteranoa, baina, bere ibilbidea ikusita, japoniarrek “Leon lotsatia erakustea alboratu” zuten.
Horrela jaio zen datorren hilabetean iritsiko den proposamena. Protagonistaren arabera, jokalariek “bi bideojoko guztiz desberdinetan” jokatuko dutela aipatzen du Nakanishik. Alde batetik, akzioa, tiroketak eta kolpe bereziak ardatz edukiko dituen Leon dago; bestetik, orain bai, beldurrezko erroak zutabetzat edukiko dituen Grace Ashcroft hasiberria kontrolatzea proposatuko da.
Gracen atalek “RE2 eta RE7 gogoraraziko dituztela” aldarrikatzen da; Leonek, berriz, “RE4ko tentsioa” berreskuratuko du, armategi zabalarekin. Oreka bilatzea da garatzaileen xedea, “bien artean aldatzeak katarsi sentipen esanguratsua” eskainiko duela diote.
Dirudienez, ez dugu bata zein bestea aukeratuko abentura berria hasterakoan: istorioan zehar protagonista batetik bestera jauzika ariko gara.
Erroetara bueltatuz, aurkezpen freskoarekin
Munstroen aldetik, zonbi klasikoak itzuliko dira… berritasunekin. Euren bizitzako gakoak gogoratuko dituzte hildakoek; ez hori bakarrik, armak eta bestelakoak erabiltzeko gai izango dira. Hortaz, nahiz eta estetikoki zonbieak izan, RE4 Ganados arerioen ezaugarriak batuko dituztela esan daiteke. RE sagari buruz gabiltza: bestelako izakiak eta munstroak ere ageriko dira Requiemen.
Inbentarioaren kudeaketa eta zenbait jokagarritasun mekanika RE2ren berregitetik datozela adierazi da; horretaz gain, zailtasun mailaren arabera partida gordetzeko tinta kartutxoen itzulera iragarri dute. Artisautza elementuak egongo dira, beste behin, objektuak sortzea zein konpontzea ahalbidetuz
Bukatzeko, ikuspegi motak gogorarazi dituzte japoniarrek: REquiemen lehen zein hirugarren pertsonan jokatu ahalko da. Modu horretara, azken ataletako gauzarik onenak batu, eta nahi bezala jokatzeko aukera eskainiko dute. Ez da hau egiten den lehen aldia, RE Village-n adabakiari esker jatorriz lehen pertsonan gainditzekoa zen abentura hirugarren pertsonan jokatzeko ezaugarria gehitu baitzuten.
Resident Evil Requiem laster ikusiko dugu: otsailaren 27an argitaratuko da beldurrezko jokoa. Plataforma nagusietara dator; alegia, PlayStation 5, Switch 2 eta Xbox Series konsoletan zein ordenagailuetan jokatu ahalko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak