PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox Onerako garatzen ari da Capcom. RE: Verse multijokalariarekin batera estreinatuko da.
Resident Evilen 25. urteurrenari hasiera eman eta garatzen ari diren Village aurkezteko ekimena egin du Capcomek. Bertan zonbien saga arrakastatsuaren zortzigarren atala izango denaren argitaratze data zehaztu du: maiatzaren 7an kaleratuko da Resident Evil Village.
Zazpigarren atalean ikusitako formula jarraituko du abentura berriak. Berriz ere Ethan Wintersen kontrola hartuko dute jokalariek: lehen pertsonan era guztietako munstroei aurre egin beharko die. Oraingoan, baina, RE4 gogorarazten duen ingurugiro batera pasako da Winters. Jokoari izena ematen dion mendien artean galdutako herrixkatik aurrera egin beharko du protagonistak, gaztelu ikusgarri bat ere bisitatuta.
Zonbiak alde batera utziko dituztela dirudi, herrixka horretan bestelako arerioak aurkituko baitituzte jokalariek. Lehen trailerrean ikusitako gizotsoez gain, banpiroak gogorarazten dituzten emakume beldurgarriak ere egongo dira Villagen.
Tiroak, puzzleak eta izaki beldurgarriak
Jokoaren lehen gameplay bideoa erakutsi dute aurkezpenean. Esan bezala, aurreko jokoaren mekanika berberak prestatzen ari dira. Ethanek defendatzeko aukera izango du, baina armak esanguratsuagoak izango direla dirudi oraingo honetan. Saltzaile baten laguntza ere jasoko du protagonistak: The Duke bezala ezagututako pertsonaiak armak eta bestelako objektuak salduko dizkio.
Resident Evil bat denez puzzleak ere bueltan izango dira, noski. Bideoan gazteluan aurkitu ahalko diren frogetako batzuen aurrerapena ikus daiteke. Aurrerapenak aipatuta, doako demoa frogatu daiteke: PS5eko erabiltzaileek jaso dute momentuz, baina udaberrian gainerako plataformetara ere iritsiko dela agindu dute garatzaileek. Bertan The Maiden izeneko pertsonaiaren kontrola hartuko dute jokalariek; ez da borrokarik egongo, beraz mekanika nagusietako batzuk faltan botako dira.
Orain arte PC, PlayStation 5 eta Xbox Seriesetarako iragarrita zegoen Resident Evil Village, baina aurreko belaunaldiko kontsolek ere jasoko dituztela baieztatu du Capcomek: PlayStation 4 eta Xbox Onean ere kaleratuko dira.
25. urteurrena ospatzeko multijokalaria
Multijokalaria ere izango du Villagek. Resident Evil Re: Verse deitua, aurreko Resident Eviletako pertsonaiak batuko ditu elkarrekin borrokan aritzeko. Leon S. Kennedy, Jill Valentine eta Chris Redfield bezalako protagonistak zein Nemesis edota Jack Baker etsai nagusiak kontrolatu daitezke bertan, kokaleku klasikoak bisitatuz gainera.
Xehetasun askorik eman gabe, partidetan sei jokalarik parte hartuko dutela zehaztu dute Capcomekoek.
Iruzkinak