Zortzigarren atala maiatzaren 7an iritsiko da Googlen zerbitzura. Chromecast Ultra eta agintearekin batera oparituko dute.
Resident Evilek 25 urte bete ditu, eta hori ospatzeko asmoz Google eta Capcomek iragarpen berezia egin dute: zonbi eta munstroen saga beldurgarriaren azken bi atalak Stadia streaming zerbitzuan argitaratuko dituzte.
Maiatzaren 7an, gainerako plataformek jasotzen duten egun berean hain zuzen ere, kaleratuko da Resident Evil: Village Googlen zerbitzuan. Sagaren zortzigarren atala izango denak aurrekoan ikusitako istorioarekin zein mekanikekin jarraituko du: Ethan Winters protagonistaren kontrola hartuta lehen pertsonako ikuspegian gainditu beharko dute jokalariek sustoz betetako abentura hau.
Aurretik Cyberpunk 2077rekin egin antzera, Village erreserbatzen dutenentzako eskaintza berezia prestatu du Googlek: maiatzaren 22a baino lehen jokoa erosten dutenek Stadiaren agintea Chromecast Ultra gailua doan jasoko dute, izakinak agortu arte behintzat. Eskaintzari buruzko informazio guztia aurkitu daiteke Stadiaren webgunean.
Villagen aurretik, baina, aurreko atala iritsiko da hodei bidezko streaming zerbitzura. Apirilaren 1ean Resident Evil VIIra jokatu ahalko da Stadiatik; eduki gehigarri guztiak batzen dituen bertsioa izango da, Resident Evil VII Gold Edition hain zuzen ere.
Iragarpen hauek ez dira harritzekoak izan; joan den urte bukaeran Capcomek jasandako zibererasoan zabaldu ziren dokumentuetan azaltzen zenez, enpresa japoniarraren jokoak Stadian edukitzeko 10 milioi dolar ordaindu zizkion Googlek Capcomi.
T-Birusaren 25 urteak ospatuz
Resident Evilen 25. urteurrena ospatzeko are ekimen gehiago prestatu dituzte arduradunek. Apirilean, esaterako, Resident Evil Showcase aurkezpen digitalekin jarraituko dute. Bertan Resident Evil: Villagen Maiden demoari eta Resident Evil Re:Verse multijokalari tiro jokoak izango duen beta irekiari buruzko informazio gehiago emango dute; apirilaren 8an hasiko da azken hau.
Bideo-jokoak ez ezik, urteurrena beste formatu batzuetako ikus-entzunezkoekin ospatuko dute japoniarrek. Resident Evil: Welcome to Raccoon City film irailaren 3an zinemetan estreinatuko dela jakitera eman dute; lehen bi bideo-jokoetan ikusitako istorioa jarraituko du filmeak.
Bestalde, Netflixek ekoiztutako Resident Evil: Infinite Darkness animaziozko telesailak Leon S. Kennedy eta Claire Redfield edukiko ditu protagonista bezala. 2021ean estreinatuko da streaming zerbitzuan, argitaratze data zehatzik gabe.
Iruzkinak