Otsailaren 22an estreinatuko da PlayStation VR2 gailuekin batera; doako eduki gehigarria izango da.

Errealitate birtualeko bideojokoek berpizkundea jasango dute otsailean. Horien artean dago Capcomen Resident Evil Village: beldurrezko frankiziaren zortzigarren atalak VRarentzako euskarria jasoko du, eta modalitate berriak ekarriko dituen berritasunak eta aldaketak ezagutzera emateko bideoa prestatu dute japoniarrek.

Aurretik ere errealitate birtualaren integrazioak nola funtzionatuko duten erakutsi duten arren, oinarrizko mekanikak ezagutzeko balio du trailerrak. Resident Evil 7-n antzeko funtzionaltasunak izango ditu Villagen VR moduak: istorio osoa betaurrekoekin bizitzeko aukera eskainiko digu.

Kokalekuetako elementuekin zein armekin erabateko elkarreragitea proposatzen du jokoak: lortuko ditugun giltzekin eta puzzle zatiekin ateak eskuz irekitzen ibiliko gara, armak guk geuk kargatuko ditugu eta esku argia erabilita gune ilunak argitzen ibiliko gara.

Jatorriz VRa buruan izan gabe sortutako bideojokoa izateko, Half-Life Alyx bezalako lanengatik asko ikasi dutela dirudi. Adibidez, esku argia erabiltzeko Ethan Winters protagonistaren beroki barrutik atera beharko dugu; antzekoa gertatzen da sendagaiekin, guk geuk eman beharko dizkiogu gure buruari.

Inbentarioaren kudeaketa sistema ere ikusten da bideoan. Ez du oso erosoa ematen, baina behintzat VR-ra guztiz moldatuta dago.

Laster izango dugu Resident Evil Villagen VR modalitatera jokatzeko aukera: otsailaren 22an ahalbidetuko dute doako DLC-aren bitartez. Zoritxarrez, PlayStation kontsolara mugatuta egongo da; izan ere, PS VR2 gailuen estreinaldiarekin batera iritsiko da Villagen eguneraketa. Zazpigarren atalaren errealitate birtualeko modalitatea PlayStation kontsolatako esklusiboa izanik, ziurrenik gauza bera gertatuko da oraingoan.

Errealitate birtuala ez da izan, baina, RE Villagek azkenaldian jaso duen eguneraketa bakarra; izan ere, Gold Edition bertsioa kaleratu zuten joan den urrian. Istorioaren espantsioa, hirugarren pertsonako kamera, mertzenarioen joko motarako berritasunak eta gehiago gaineratu zizkion 2021eko tituluari.

 

VRa nagusi berriz PlayStationen

Resident Evil Villagekin batera hainbat izango dira otsailaren 22an errealitate birtualera gehituko diren bideojokoak. Horien artean, nabarmentzekoa da Gran Turismo 7: Polyphony Digital-en lasterketa joko bikaina ere zeharo egokituko da VR-ra.

Estreinaldi guztiz berriak ere jasoko ditugu, gainera: hori da Horizon Call of the Mountain-en kasua. Guerrila Games-en frankizia ezagunak errealitate birtualerako prestatutako titulu ikusgarria jasoko du.