Android gailu mugikorretan dohainik eta iragarkiekin kaleratu du Bizkaidroid garatzaileak.

Espazio ontzia gidatzea eta grabitatea menperatzea ardatz dituen Retro Burn jokoa euskaraz estreinatu da.

Thrust klasikoa edo Moagg modernoagoa inspirazio iturritzat hartzen ditu: jokalariaren helburua, ontziaren propultsoreak kontrolatuta, helmugara iristea izango da… bidean makina suntsitzea edo erregairik gabe geratzea saihestuz.

Bideojokoaren argitalpenarekin lehen misioen bilduman jokatu ahalko dugu: kobazuloko 100 erronketan, hain zuzen. Lehen desafioak gainditzea nahiko erraza izango bada ere, mailen diseinua korapilatzen joango da aurrera egin ahala; kontrolak sinpleak eta erabilerrazak dira, baina trebeak izan beharko gara amaierarako plataformara bizirik heltzeko.

Izan ere, ontziaren kontrol bizkorrekin paretak eta sabaiak ekiditen ariko gara. Denbora muga eta osasun zein erregai barrak kontuan hartu beharko ditugu: ahaztu patxadaz jokatzeaz, beraz.

Bizkaidroid izena erabiltzen duen garatzaile euskaldunak prestatutako lehen bideojokoa da: izenak dioen bezalaxe, Android gailuetarako prestatu du. Debalde eskuratu ahal bada ere, bizitzak agortzerakoan iragarkiak ikusi beharko ditugu jokatzen jarraitzeko; bestela, egileak ordainpeko Legacy Pack bertsioa erosteko aukera eskaintzen du.

Play Store saltokitik jaitsi daiteke Retro Burn. Euskarazko Android bideojoko guztiak zerrenda honetan aurki daitezke.