Emulatzaileen bilduma osatzen duen programa Valve-n saltoki digitaleko hainbat ezaugarrirekin batera erabiltzeko aukera dago.
Emulatzaileen mundu zabalean murgildu izan direnek era guztietako oztopoak eta arazoak aurkituko zituzten ziur asko. Batzuek alde legalarekin harreman zuzena izango duten arren, askotan emulatzaile zehatz bat funtzionaraztea lortzea bide gogorra izaten da. Ibilbide hori errazteko asmoarekin eratu zuen bideo-jokolarien komunitatea RetroArch programa, eta orain Steam plataforma digitalean kaleratu da ofizialki Windows zein Linux sistema eragileetan erabiltzeko.
RetroArch doan eskuratu daiteke Valvekoen saltokian. Halere, aipatutako oztopo legalek programa modu berezi batean argitaratzera eraman du Libretro erakundea. Emulatzaile desberdinak, RetroArch barnean Core edo nukleo bezala erabiltzen direnak, Steameko DLC bezala eskuratu eta jaitsi behar dira. Hau da, jatorrizko programa erabiltzerakoan Core horiek zuzenean deskargatzeko aukera ezabatu egin dute Steameko bertsiotik, eta horren ordez arazo legalik ez dituzten nukleoak soilik jarri dituzte plataforman.
Une honetan hamar core daude DLC modura Steamen: Mupen64 Plus Next ( Nintendo 64), Kronos ( Sega Saturn), PCSX ReARMed ( PlayStation), Stella ( Atari 2600), SameBoy ( Game Boy/Game Boy Color), mGBA ( Game Boy Advance), Mesen ( NES), Mesen S ( SNES), Genesis Plus GX ( SEGA Mega Drive), Final Burn Neo ( Arkade jokoak).
Emulatzaile horiek automatikoki eguneratuko dira Libretrokoek horiek igotzen dituztenean. Halere, ez da arazorik egongo norberak bere kabuz beste core batzuk jaitsi eta Steameko RetroArchen gehitzeko. Programaren fitxategietara kopiatu baino ez dira egin beharko ondoren bertan erabiltzeko.
Gauza bera gertatzen da, nola ez, jokoak biltzen dituzten ROM, ISO eta gainerakoekin: norbere esku geratzen da horiek lortzea. Laster core gehiago gaineratuko dituztela baieztatu dute arduradunek, baina ez dute esan zeintzuk izango diren ez noizko prestatuko dituzten.
Lagunekin, arazorik gabe
Abantaila bezala Steameko hainbat ezaugarri erabiltzeko aukera dago. Steam Cloud-ekin gordetako partidak gailu batetik bestera eraman daitezke automatikoki. Steam Remote Play Together funtzioarekin, bestalde, lagunak partidetara modu errazean gonbidatzeko aukera eskainiko dute, streaming bidez elkarrekin jokatzeko (edo nahi izanez gero lagunari lehen jokalariaren kontrolak emateko) hauek Retroarch izan ez arren.
Erabiltzaile berriei zuzentzerakoan, RetroArchen interfazea hasiera batean korapilatsua egin daitekeela adierazi dute Libretrokoek. Halere datozen hilabeteetan hau sinplifikatzeko asmoa agertu dute, baina talde txikia izanik horretarako denbora beharko dutela diote.
Iruzkinak