Lucas Pope-ek garatutako ikerkuntza joko saritura orain euskaraz ere jolas daiteke.

1803. urtea, Ekialdeko Indietarako itsasbidea. Obra Dinn merkantzia-ontzia misteriotsuki desagertu da helburura iritsi gabe.

1807. urtea, Falmouth, Ingalaterra. Ezustean, Obra Dinn-a etxera itzuli da. Guztiz hondaturik, eta barruan inor ez duela. Urte batzuk lehenago portutik ateratako 51 eskifaia-kideei eta bederatzi bidaiariei zer gertatu zaien... inork ez daki.

Ekialdeko Indietako Konpainia Ohoretsuak idatzi dizu, aseguru-etxeko ikuskatzaile buru zarenez, ontzian zihoazen 60 lagunetako bakoitzari gertaturikoa argitzeko.

Obra Dinn-era bertaratu eta, sakelako erloju berezi bati esker, hildako lagun bakoitzaren heriotza unea ikusi ahalko duzu. Baina une hori soilik. Hortik abiatuz, ontziko lagun bakoitzaren nortasuna eta bere patua ebatzi beharko dituzu. Bizirik dago? Eta hala ez bada, nola eta nork hil zuen?

Eta, batez ere: nola itzuli da ontzia etxera?

 

2019an lorpen artistikoengatik BAFTA saria irabazi zuen indie jokoak nahasketa berezi bat dakarkigu: hiru dimentsioko mundu batean koloreak minimora mugatzen ditu, jatorrizko Macintoshen bit bakarreko grafikoak berreskuratuta. Berezitasun honek, halako xarma bat emateaz gain, nor den nor argitzea zailtzen du, jokalaria beste baliabide batzuk erabiltzera behartuz.

Detektibe eta ikerkuntza joko gehienetan ez bezala, Return of the Obra Dinn-en jokalariak benetan erabili beharko du bere burua, jasotako aztarnen artean loturak egin misterioa argitzeko.

 

Non erosi

Return of the Obra Dinn ordenagailurako denda ezagunenetan dago salgai (Steam, GOG, Humble Bundle). Webgune ofizialean aurkituko duzue informazio zehatza honi buruz.

(PS4, Switch eta Xbox One kontsoletarako bertsioak ere dauden arren, ezin dut ziurtatu itzulpenak funtzionatuko duenik sistema hauetan).

 

Euskaratzeko pausoak

Jokoa euskaraz jartzeko pausoak eta informazio gehiago jasotzeko, bisitatu honako helbide hau.