Gaztelutik naziak saihestuz eta bananak bilduz ihes egin beharko dute jokalariek doako abentura zoro honetan.

Zaleen eskutik askotariko zorakeriak ikustera ohituta dago bideo-jokoen mundua, baina Nickireda garatzaileak orain arte ikusi gabeko bitxikeria sortzera ausartu da. Segaren Super Monkey Ball eta id Softwaren Wolfenstein 3D jokoak batuta Return to Castle Monkey Ball kaleratu berri du garatzaileak.

Abentura zoro honetan B.J. Blazkowicz soldaduaren kontrola hartuko dute jokalariek… desberdintasun esanguratsu batekin. Monkey Ball jokoetako bola baten barruan dago Wolfensteineko protagonista, eta bere helburua nazien gaztelutik biraka ihes egitea izango da.

Segaren tximinoen jokoetako mekanikak hartuta, bananak eta bestelako altxorrak batu ahalko dira bolarekin ziztu bizian joanda. Naziekin ere topo egingo du Blazkowicz, baina kolpeka akatzea posible izango da: horrek denbora gehigarria eskainiko dio ihes egiteko, denborarik gabe geldituz gero game over pantaila ikusiko baitu.

Return to Castle Monkey Ballen prozeduralki sortutako zortzi mailatan jokatu ahalko da. Doako jokoa da, eta nabigatzailetik jokatu daiteke Itch.io webgunean.