Terrible Toybox estudioak garatuko du Devolver Digital argitaletxearen aterpean. Aurten kaleratuko dute.
Abentura grafikoen frankiziarik esanguratsuenak atal berria izango du. Ron Gilbert Monkey Island sagaren sortzaileak Return to Monkey Island iragarri du. Monkey Island 2: LeChuck’s Revenge-n jarraipen zuzena izango dela baieztatu du garatzaileak.
Hortaz, The Curse of Monkey Island-en eta bere jarraipenen istorioa alboratu, eta Gilbertek garatutako azken bideojokoarekin jarraituko dute titulu berria eratzeko. Gilbertekin batera izango da Dave Grossman idazlea gidoian lan egiteko; horrez gain, Dominic Armato izango da berriz Guybrush Threepwood protagonistaren ahotsa.
Gilbertek jakitera eman duenez, Return to Monkey Islanden garapen prozesua orain bi urte hasi zuen. Bere estudio propioarekin sortzen ari da bideojokoa: Terrible Toybox arduratuko da garapenaz. Kaleratzeko, ordea, indie argitaletxe handienarekin adostu dute akordioa: Devolver Digital arduratuko da banaketaz.
Plataformak zehaztu ez dituzten arren —PC-rako argitaratuko dutela suposatzen dugu, noski—, laster merkaturatuko dutela diote arduradunek; izan ere, 2022an estreinatuko da abentura grafikoa.
Iruzkinak