PlayStation 5erako akziozko roguelike abentura lau urteren ondoren bukatu dute garatzaileek.
Arraroa egiten da enpresa handiak roguelike erako bideo-jokoak aurrera eramaten ikustea, horren modan egon arren; Supergiant Gamesen Hades arrakastatsuak era guztietako sari garrantzitsuak eraman zituen arren, AAA jokoen artean ez da genero honetako lanik aurkitzen. Housemarquekoak hau maila batean aldatzera datoz gaur Returnal interesgarriarekin.
Sonyren babesarekin eratua, garatzailearen arkade joko ezagunen birsortzea suposatuko du PlayStation 5erako esklusibo honek. Resogun eta Nex Machina bezalako lanek kritika artean balorazio bikainak eskuratu arren, salmenta aldetik “etsita” agertu ziren Housemarquekoak, genero horri agur esan behar izatera arte. Halere, bi dimentsioetako joko bizkorren oinarriak hartuta hirugarren pertsonako akziozko jokoa sortzeko lana hartu dute Returnalekin.
Selene protagonistak etengabe aldatzen doan Atropos planetan ezinbesteko lurreratzea egin ostean hasiko da abentura. Ihes egiteko antzinako zibilizazio baten aztarnak ikertu eta arerio estralurtarrei aurre egin beharko die Selenek. Roguelike bat izanik hiltzerakoan berriz hasieratik hasiko da protagonista, eta planeta eraldatu egingo da partida guztiz berria eskaintzeko.
Horrela, generoaren ardatz den birjostagarritasunak denbora guztian aldatzen doazen aukera eta erronkak jarriko ditu jokalarien aurrean. Helmugara zuzenean joatea posible izango da, baina Atropos esploratzea eta altxorrak zein sekretuak aurkitzeak bizirik irautea erraztuko du. Artefaktuak bilduta behin betiko hobekuntzak jasoko ditu Selenek, efektu pasibo eta aktiboak erabiltzeko aukera emanda.
Partida azkar eta zirraragarriak eskainiko ditu Returnalek, baina baita narratiba sakona ere. Roguelike elementuak istorio berezi batekin batuko dituela azaldu dute garatzaileek, modu horretara publiko orokorrarengana hurreratzeko asmoarekin. “Emaitza benetan berezia da: esperientzia ezaguna zein freskoa izatea espero dugu, gure betiko jarraitzaileei zein hasiberriei gatibatzeko balioko duena”.
Guzti hau atal grafiko apartarekin nahastu dute Returnalen. Roguelike gutxi daude AAA grafikoekin zein enpresa handien babesarekin, beraz nabarmentzekoa da atal honetan egindako lana.
Egindako obragatik “harro” agertu dira Housemarquekoak, eta Sony eskertu nahi izan dute eskainitako konfiantzagatik. Izan ere, “obra ausart batean lan egiteko aukera eskaini” dietela aldarrikatu dute, “bideo-jokoen ekoiztetxeak sormen aldetik gero eta arrisku gutxiago hartzen dituzten aroan”.
Returnal gaur estreinatu da PlayStation 5erako.
Iruzkinak